→Galdakao

Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko obretan 9,5 milioi euro bideratuko ditu URAk Galdakaon

URA Uraren Euskal Agentziak abian jarri ditu Galdakaon Ibaizabal ibaian uholdeei aurre egiteko hirugarren faseko lanak. Obrak Bengoetxeko presa txikitik Plazakoetxeko zubiraino egingo dituzte, hau da, 1.640 metroko tartean esku hartuko du URAk. Zehazki, ibaiaren egokitzapen hidraulikoa egingo dute, ibilguaren arroka-ohearen kota jaitsiz eta ur gutxiko ibilgu bat sortuz. Horretarako, 190.000 metro kubiko harri eta lur induskatuko dituzte, hau da, 19.000 kamioi inguru.

Mercadillo zubiari dagokionez, hustutze-ahalmena handitu egingo dute eta begi berri bat irekiko diote zubiari. Gainera, eraginkortasun hidraulikoa eta ondare kulturala babestea eta balioestea da URA eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Hain zuzen ere, zubi hori monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa katalogatuta dago 2016tik Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean. “Balio historiko eta kulturadun ondare gisa babestua, emariaren joanari oztopo egiten dio nabarmen, eta aldamenean sor litezkeen uholdeak asko areagotu lituzke. Ondorioz, ur-goraldi errepikakorrek arrisku handia sortzen dute: inguruko pertsonentzat, komunikazio-bideei eta zerbitzu-azpiegiturei eragin diezaieketelako, eta galera ekonomiko handiak eragin diezazkioketelako inguruko industria-jarduerari”, dio Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak: “Lanok zubiaren ondarea lehengoratzea ahalbidetuko dute. Hori egin ahal izateko, besteak beste, gaur egungo ibilguaren parean, ibilgu berri bat sortuko da: aurrerantzean, ohiko emaria ibilgu-ibilbide berritik joango da, eta Mercadilloko zubiaren arkuen azpitik ur askoko sasoietako emariak igaroko dira”, dio Aizek.

“Ibaizabal ibaiaren ibilgua, Galdakaotik igarotzean, estutu egin zen uholde-lautaden okupazioaren ondorioz. Hori zela eta, ibilguari ez zitzaion sekzio edo zabalera nahikorik utzi, zer eta, Euskadiko Kantauri isurialdeko ibairik jariotsuenaren ur-goraldien emariei eusteko. Beraz, geroztik, ageriko arriskua sortzen die biztanleei eta ibaiaren lurraldeetan finkatu diren erabilerei”, dio Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak: “Euskadin uholdeei aurre egiteko lehentasunezko obretako bat da”. Antonio Aiz eta Amaia Barredo bera Mercadillo zubiaren parean aurkeztu dute datozen hilabeteetan Ibaizabal ibaian burutuko duten proiektua.

Lanok 9,5 milioi euroko inbertsioa beharko dute, eta 15 hilabeteko epea aurreikusi dute obrak amaiatzeko: “Aurreikuspenen arabera, 2022ko martxora arte luzatuko dira obrak”, dio Barredok. Nerbioi-Ibaizabal ibaia bideratzeko lanen hiru faseetan 32,1 milioi euro inbertitu dituzte guztira URAk eta Eusko Jaurlaritzak.

Neurri gehiago

Ibaizabal ibaia Galdakao parean berregituratzeko obra horiek egiteko beste jarduketa batzuk egin beharko dituzte. Hala nola, Plazakoetxeko zubiko pilak indartzea edota Bengoetxeko presa txikia egokitzea. Era berean, Galdakaoko Udalak Zuhatzu auzoa eraldatzeko plan berria aurkeztu zuen azaroan. Ibaizabal ibaiko bideratze lanez gain, bi esku hartze nagusi proposatu ditu Galdakaoko udal gobernu taldeak: alde batetik, biribilgune berri bat egingo dute N-634 errepidean, Plazakoetxera heldu aurretik norabide aldaketa dagoen gunean; eta bestetik, Txomin Egileor kalea norabide bakarreko bihurtuko du, oinezkoen eta bizikleten mesedetan.

Zuhatzu auzoa eraldatuko du Udalak, URAk Ibaizabal ibaia hobetzeko lanak hasi ondoren

Txomin Egileor kalean dauden hiru etxebizitza eraitsiko dituzte, Zaratamoko Arkotxa parean. Hiru blokeetako bat Zaratamoko udalerriari dagokio eta beste biak Galdakaokoari. “URA Euskal Agentziarekin batera gauzatu ditugu Txomin egileor kaleko blokeen etxegabetzeak”, adierazi zuen azaroan Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak: Urte osoan zehar negoziazioak egiten egon ostean adostasuna erdietsi dugu auzotarrekin eta akordioa sinatu dugu”. Etxebizitzak abenduan zehar bota eta Ibaizabaleko ur bideraketaren obrak berehala hasiko dituzte.

Txomin Egileor kaleko hiru etxebizitza botako dituzte Ibaizabal proiektuko hustubiderako

Ibaiertzak landareztatzea ere sartzen da proiektuaren barruan, eta horretarako espezie autoktonoak jarriko dituzte: Salix albaS. atrocinerea eta S. purpurea, alegia. “Ibilgutik hurbil dauden eremuetan, landaredia ahalik eta gehien errespetatuko da, landaretza eta sastrakak kentzea saihestuz”, diote arduradunek: “Neurri horiek guztiek nabarmen hobetzen dute uholdeekiko segurtasuna: lanok gauzatutakoan, ibaiaren ibarretako eremurik ez du kalterik jasango 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldietan”.

Ibaizabalen Galdakao parean egingo duten jarduketa horrek uholdeei aurre egiteko eta jada egindako lanen lehenengo faseko (Nerbioi ibaiaren 2.020 metroko tarte batean egindako jarduketa, Euskotren zubian hasi eta Basauriko Ariz zubiraino iritsi zena) eta bigarren faseko (Ibaizabal ibaian egindako jarduketa, Nerbioi ibaiaren eta Bengoetxeko presa txikiaren arteko 3.240 metroko zati batean) defentsa-eraginkortasuna areagotuko du. Hirugarren faseko obrak 2022ko martxoan bukatzea aurreikusi dute URAko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak