→Galdakao

Bazkide kanpaina hasi du Galdakaoko Ibaizabal Saskibaloi Taldeak

Bazkideek soilik izango dute momentuz lekua bermatuta Urreta kiroldegian Ibaizabal ikusteko. Nobedadeak daude bazkide kanpainan.

Urreta bete-beterik,pandemia aurretik, Ibaizabaleko neskak ikusteko // Ibaizabal ST

Ibaizabal Saskibaloi Taldeak bazkide kanpaina zabaldu du. Indarrean dauden neurrien arabera, zaleek lekua izango dute partiduak ikusteko, eta Urreta kiroldegia ez da salbuespena izango. Hala ere, bazkideek soilik izango dute lekua bermatuta: “Covid egoera dela eta, egoerak hobera egiten ez badu behintzat, bazkideek bakarrik izango dute Urretan lekua bermatua”, diote klubetik.

Gauzak horrela, bazkide txartela berritzeko edota bazkide berria egiteko kanpaina hasi du talde galdakoztarrak. Interesdunek esteka honen bidez egin daitezke bazkide. “Animatu, punta-puntako saskibaloia ikusteko aukera eta sorpresa eta opari izugarriak izango dituzu denboraldi berri honetan”, diote.

Nobedadeak bazkide izateko

Aurten, gainera, bazkide egiteko aukera gehiago daudela diote Ibaizabal Saskibaloi Taldetik. Ohiko banakako bazkide txartelaz (60 euro), bazkide txartel familiarraz (100 euro, bi txartel) eta bazkide txartel txikiaz (10 euro, 16 urtetik beherakoak) gain, aurten nobedade da bost partidu ikusteko txartela (20 euro). “Gainera, sorpresa eta opari asko izango ditugu urtean zehar zuekin disfrutatzeko, hala nola, lehiaketak, beherapen bereziak edota ekintza dibertigarriak. Klubeko arropa ofiziala erosteko ere, abantaila ugari”, diote Ibaizabaletik: “Ametsak bizirik darrai. Hazten lagun gaitzazu, behar zaitugu, Ibaizabalek behar zaitu”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak