→Galdakao

Ibilaldia antolatuko du Eguzkibegi Ikastolak 2025ean, 16 urte ondoren

galdakao eguzkibegi ikastola 2017 50 urte

Galdakaon lehenengoz Ibilaldia jaia 2009an antolatu zuen Eguzkibegi Ikastolak eta bigarrena 16 urte ondoren antolatuko du. 

2017an 50. urteurrena ospatu zuen Eguzkibegi Ikastolak // Geuria

2023tik 2028ra arteko Ibilaldia jaiak esleitu ditu Ikastolen Elkarteak. Bost urte horien artean, hurbiletik joko gaitu, izan ere, Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak antolatu egingo du jaia 2025ean. Galdakaon lehenengoz Ibilaldia jaia 2009an antolatu zuen Eguzkibegi Ikastolak eta bigarrena 16 urte ondoren antolatuko du. 

“Osasun larrialdi egoerak ez ditu gure itxaropenak zapuztu, eta berriro ere elkartu, besarkatu, ongi pasatu eta pandemiaren aurreko normaltasunean gure jaiez gozatzeko esperantzak bizi-bizirik dirau. Aurten nekez itzuliko gara egoera horretara, baina egoerara moldaturiko jaiak prestatzen dihardugu, eta etorkizunekoak pentsatzen ere bai”, diote Ikastolen Elkartetik. Aurtengo Ibilaldia Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek antolatuko dute, eta 2022an Bilboko Abusuikastolak.

Bizkaiko Lurralde Batzarrak dagoeneko hurrengo sei urtetako jaiak non ospatuko diren eta zein ikastolek antolatuko dituzten erabaki du: 2023an Ondarroan (Zubi Zahar ikastola), 2024an Getxon (San Nikolas ikastola), 2025ean Galdakaon (Eguzkibegi ikastola), 2026an Bilbon (Kirikiño ikastola), 2027an Santurtzin (Bihotz Gaztea ikastola), eta 2028an Bilbon (Harrobia ikastola). “Ikastolen asmoa da gure jaien bitartez euskarari, euskal kulturari eta gure artista eta sortzaileei urtero bost plaza handi eskaintzen jarraitzea, eta berorien bidez ikastolen proiektuak biziberritzen jarraitzea”, diote Ikastolen Elkartetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak