→Galdakao

Ibon Garcia (EH Bildu Galdakao): “Egongo dira txarto egin dutenak eta esan ez dutenak ere. Nik gaizki egin nuen eta esan dut”

Dimisioa aurkeztu zuen atzo Ibon Garcia Uriarte Galdakaoko EH Bilduko zinegotziak. Gaur berarekin hitz egiteko aukera izan du GEURIAk.

Ibon Garcia Uriarte 2019ko artxiboko irudi batean // Geuria

Dimisioa aurkeztu zuen atzo Ibon Garcia Uriarte Galdakaoko EH Bilduko zinegotziak. Joan den asteburuan, Athleticen eta Bartzelonaren arteko kopako finalaren egunean, neurriak ez betetzeagatik aurkeztu zuen dimisioa. “Barkamena eskatzen dut. Bizi dugun egoerak jarrera arduratsua eskatzen du denon aldetik, batez ere kargu publikoen aldetik”, adierazi zuen atzo ohar bidez Garciak. Gaur berarekin hitz egiteko aukera izan du GEURIAk.

Dimisioa ematea asteburuan bertan pentsatu zenuen?
Asteburuan alkatearekin hizketa labur bat izan nuen, gertatutakoa mahaigaineratuz. Asteartean hitz egitera jesarri ginen eta helarazi nion proiektuaren onerako nire dimisioa onena zela. Asteartean bertan aurkeztu nion dimisioa alkateari.

Zelan jaso zuen berria Iñigo Hernando alkateak?
Pena handiz jaso zuen berria, baina bere karguak exijitzen duen erantzukizunarekin onartu egin zuen. Bere iritzia ere argia da: kargu publikoek jarrera eredugarria izan behar dute.

Beste kargu publiko batzuek neurriak ez betetzeagatik (batez ere txertoa aurretiaz jartzeagatik) ere dimisioa aurkeztu dute, beste batzuek ez.
Bakoitzak badaki bere bizitzan zer egiten duen ondo eta zer gaizki. Nik kargu publiko guztiei zintsotasuna eskatzen diet, edonork egiten ditu akatsak. Egongo dira txarto egin dutenak eta esan ez dutenak ere.

Kargu publiko ez diren beste hainbat pertsonek ere neurriak ez dituzte bete. Azkenak, adibidez, Athleticeko jokalarien senitartekoak, hau da, herritar “xumeek”.
Argi dago neurriak edo arauak guztiontzat direla eta guztiok dugula horiek betetzeko beharra, azken finean danon onerako ezarrita dauzelako. Elkartasunez jokatu behar dugu danok. Nik zapatuan ez nuen egin eta barkamena eskatzen dot.

Ibon Garcia Galdakaoko zinegotziak dimisioa aurkeztu du, “neurri soziosanitarioak ez ditudalako bete”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak