Sareak

☉ Galdakao

Ibon Garcia Galdakaoko zinegotziak dimisioa aurkeztu du, “neurri soziosanitarioak ez ditudalako bete”

|

Ibon Garcia, armarriaren azpian // Geuria

Ibon Garcia Galdakaoko EH Bilduko zinegotziak dimisioa aurkeztu du gaur, “neurri soziosanitarioak ez betetzeagatik”. Ohar bidez Garciak adierazi duenez, “aurreko asteburuan egun dauden neurri soziosanitarioak ez betetzeagatik” aurkeztu du dimisioa, eta Iñigo Hernando alkateak onartu du bere erabakia: “Egoerak erantzukizunez jokatzea eskatzen duen une honetan, kargu publikoetan gaudenok Galdakaorentzat eredu izan behar dugu. Horregatik dimisioa onartu eta neurriak betetzeko deia egiten dut”, dio Hernandok bere Twitter kontutik.

Aurreko asteburuan Athletic eta Bartzelonaren arteko kopako finala izan zen. “Barkamena eskatzen dut. Bizi dugun egoerak jarrera arduratsua eskatzen du denon aldetik, batez ere kargu publikoen aldetik”, dio Garciak.

Jaiak, Gazteria eta Kirol zinegotzia zen Garcia. “Eskerrak eman nahi dizkiet sei urteotan Galdakao hobetzeko proiektua nirekin partekatu duten guztiei. Milesker”, bukatu du oharra Garciak. Oraindik ez dute zehaztu nor izango den EH Bilduren zinegotzi berria.

☉ Galdakao

Bideoa / Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek

|

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten ostiralean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.

Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / 1937ko bonbardaketetan hildako galdakoztarrak omendu dituzte gaur

|

87 urte bete dira Francoren aginduetara zeuden tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. Urtero, maiatzaren 19an, oroimen ekitaldia antolatzen dute Plazakoetxen, babeslekua zegoen tokian.

Gutxienez 28 bonbardaketa jasan zituen Galdakaok gerra garaian, eta 1937ko maiatzaren 19an 16 herritar hil zituzten bondardeatzaile alemaniarrek eta italiarrek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek.

Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, María Mercedes Izagirre, Moisés Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomás Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomás Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascensión Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre omendu dituzte. Gainera, Edu Madina ere gogorarazi dute aurtengo ekitadian: Galdakao Gogorako kidea otsailean hil zen. Eta gaurkoan ere Palestina izan dute herritarrek gogoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon

|

Tximelarre Goikoan du lokala Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta ostegunetan zabaltzen dute // Galdakaoko Elkarlagutza Sarea

Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.

“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.

Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.

Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.

Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak

|

Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean iznago da elkarretaratzea // HU Kontseilu Sozialista

Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.

Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.

“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.

Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.

Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan

Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek

|

Maiatzaren 17an, ostiralez, izango da bigarren eskuko merkatua Galdakaon, herriko institutuek antolatuta // Argazkia: Artificial Photography, Unsplash

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.

“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.

Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.

Osorik irakurri