→Galdakao

Galdakaoko igerilekuetarako uda osorako abonamendu berriak salgai daude jada

galdakao elexalde igerilekuak

Ekainaren lehenaz geroztik zabalik daude Elexaldeko kanpoko igerilekuak irailaren 30era arte. Covid-19a dela eta, igerilekuen edukiera erdira jaitsi dute eta aldez aurretik egin beharko da erreserba.

Covid-19a dela eta, igerilekuen edukiera erdira jaitsi dute eta aldez aurretik egin beharko da erreserba // Galdakaoko Udala

Ekainaren lehenaz geroztik zabalik daude Elexaldeko kanpoko igerilekuak irailaren 30era arte. Berrikuntza bezala, aurten ordainketarako sistema berri bat jarri du martxan Udalak: uda osorako abonamendua. Hiru abonamendu mota daude: familia abonamendua (64,90 euro), banakako abonamendua (46,90 euro) eta banakako abonamendua 25 urtez azpikoetzat (36,10 euro). Gainera, egoera ekonomikoen araberako hobariak ezarri dituzte.

“Udan igerilekuez gozatzeko asmoa dutenei, abonamendua egitea gomendatzen diegu, azpiegiturak nahi adina eta askoz merkeago erabiltzeko aukera ematen baitu sistema berri horrek. Sarrerak banan bana erosten dituztenentzako prezioak, berriz, garestitu egingo dira”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, abonatuak ez direnek 7,50 euro ordaindu beharko dute igerilekuetarako sarrera bakoitza, eta 4 eta 16 urte bitartekoek 5 euro.

Edukiera erdia

Covid-19a dela eta, igerilekuen edukiera erdira jaitsi dute eta aldez aurretik egin beharko da erreserba. Horretarako, abonatuek Elexalde, Urreta eta Unkina kiroldegietako harreretan edo udal webgunearen bitartez egin dezakete erreserba, askoz jota, astebete lehenagoko epearekin; eta ez-abonatuek kiroldegiko harreran egin ahalko dute erreserba, askoz jota, 24 ordu lehenago (derrigorrezkoa da NANa). Erreserba egiterako orduan, partzela mota aukeratu beharko dute interesdunek: belardiko partzela (92 leku daude, bost, hiru edo bi pertsonakoak) edo igerian egiteko partzela (partzela indibiduala, igerian egiteko helburu bakarrarekin doazen erabiltzaileentzat).

Edukiera erdira mugatuko denez, bertan egoteko denbora ere mugatu dute, “jende gehiagok izan dezan igerilekuez gozatzeko aukera”. Hala, goizez ala arratsaldez soilik egon ahalko da igerilekuetan, eta erreserba egiterakoan aukeratu beharko da. Goizeko txanda 11:00etatik 15:15era da eta arratsaldekoa 15:45etik 20:00etara.

Aldagela eta dutxek % 35eko muga izango dute, eta igerilekuetan zein bertako egonlekuetan segurtasun distantziak mantendu beharko dira eta instalazioetan zehar ibiltzeko derrizgorrezkoa izango da maskara eramatea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak