→Galdakao

Galdakaoko hamar ikastetxeen artean 68.000 euroko laguntza banatuko du Udalak

Covid-19ak areagotu dituen eskolen eta familien premiak asetzen laguntzeko eta euren azpiegiturak erabiltzean sortzen diren gastuak ordaintzeko izango dira diru-laguntzak.

Besteak beste, Urreta eskolari 8.370 euroko laguntza emango dio Udalak // Urreta Ikastetxea

Galdakaoko ikastetxeei 68.000 euro baino gehiagoko laguntza ematea erabaki dute Udaleko talde guztiek. Laguntza ekonomiko hori Covid-19ak areagotu dituen eskolen eta familien premiak asetzen laguntzeko eta euren azpiegiturak erabiltzean sortzen diren gastuak ordaintzeko izango da. Zehazki banaketa hau egin dute Udaletik: Aperribai eskolari 6.120 euro, Bengoetxe institutuari 7.450 euro, Urreta eskolari 8.370 euro, Gandasegi eskolari 8.255 euro, Galdakao helduen ikastetxeari 5.846 euro, Eguzkibegi ikastolari 8.500 euro, Andra Mari Lanbide Heziketari 6.742 euro, Unkina eskolari 5.775 euro, Elexalde institutuari 6.594 euro, eta Galdakaoko ostalaritza eskolari 4.490 euro. “Ikasle kopurua, ikasle bekadunen kopurua eta ohiko hezkuntza ordutegietatik kanpo euren instalazioek duten erabilera izan ditugu kontuan diru-laguntzak banatzerako orduan, baita eskola bakoitzera doazen ikasleen familien indize sozio-ekonomikoa ere”, dio Asier Egiraun Hezkuntza arloko zinegotziak.

“Lehen Hezkuntzako ikastetxeak Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa daukate hezkuntza prozesuak aurrera eramateko baina Udalarekin lankidetzan aritzen dira prozesu horiek osatzeko egin beharreko lanetan. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko programetan, hezkidetzan aurrera pausoak emateko programetan, eskolan familiek dituzten baliabideen berdintasuna bilatzeko esku hartzeetan, eta eraikuntzen eta materialen mantenu lanetan. Udalak arlo hauetan eskumena dauka eta askotan ez die ikastetxeei beharrezko babes ekonomikoa ematen. Ondorioz, ikastetxeek, hezkuntza prozesuetan aurrera egiteko dituzten baliabide ekonomikoekin aurre egin behar diote Udalak bere kargu hartu beharreko hainbat gasturi”, dio Egiraunek. Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzan, mantenua Eusko Jaurlaritzak hartzen du bere gain, baina ikastetxeek beraien aurrekontu barruan hartu behar dituzte herritarrek azpiegitura horien erabileraren ondorioz sortutako gastuak: “Hau da, Udalak, herritarrekin batera egiten diren programa guztietarako beraien instalazioak uztea eskatzen die ikastetxeei, eta horrek, egunerokotasunerako aurreikusita duten aurrekontuan, zenbait gastu izugarri handitzea eragiten du: argindar gastuak, instalazioen mantenu gastuak eta kalefakzio gastuak, esaterako”, dio Egiraunek. Gauzak horrela, gastu horiek konpentsatu behar direla uste du Udalak, eta diru-laguntzak ematea erabaki du.

Galdakaoko Udaleko zenbait talderen ordezkariak // Galdakako Udala

Koldo Goioaga EAJko ordezkaria “oso pozik” agertu da elkarlanarekin: “EAJ oso pozik dago elkarlanean egindako lana izan delako, eta gainera modu positiboan aritu garelako, alde guztiek ulertzen baitute hezkuntza liskar politikotik kanpo utzi behar dela. Gure haurrek hezkuntza ona izatea denok nahi dugu, eta horretarako garrantzitsua da ikastetxeek autonomia izatea. Uste dut Udala osatzen dugun 21 kideek hasiera bezala ulertzen dugula hau, hobetu daitekeen zerbait bezala, eta, hobetu daitekeenez, horretarako moduari buruz hitz egiten jarraitzen dugu”. Txema Larrazabal PSEko ordezkariaren hitzetan, “ikastetxeen arriskua minimizatzeko laguntzak dira, egokituz joan daitezkeenak. Seinaleztapenerako erabili dira, gel eta antzekoetarako, manparetarako, ekipamenduetarako. Udaletik eman nahi genuen beste laguntza bat da eta denok ados egon gara. Ezin zen bestela izan”. “Pandemia une hauetan eman diren laguntzen barruan sartzen da hau ere; ikastetxeak ez ziren geratuko hainbat sektoreren artean banatu diren laguntza horiek gabe. Ekarpenak egiten jarraituko dugu, eta oposizioko taldeen babesa espero dugu, oraingo honetan bezala”, dio Jose Luis Bernal Podemoseko ordezkariak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak