→Galdakao

Atzerritar jatorri desberdinetako herritarren “benetako inklusioa” bilatzeko plana egingo du Galdakaok

Nerea Orozko Immigrazio arloko zinegotzia eta Lia Gonzalez eta Oier Ochoa de Aspuru Ikuspegi Behatokiko kideak // Geuria

Galdakaon 29.427 herritar daude erroldatuta, eta horietatik 1.764 atzerriko herrialderen batean jaiotakoak dira, hau da, biztanleria osoaren % 6a. Datu hori kontuan hartuta, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak immigrazioari buruzko diagnosia burutu du azken hilabeteotan Udalak hala eskatuta. “Galdakaon jatorri ezberdinetako 1.700 auzokide daude erroldatuta. Baina ezagutzen ditugu? Nola bizi diren badakigu? Euren kezkak edo beharrak zeintzuk diren badakigu?”, dio Nerea Orozko Immigrazio arloko zinegotziak: “Azterketa beraien berri izateko egin dugu. Gure artean bizi dira, baina maila batean inklusio hori ez da behar beste ematen. Gure ondoan bizi dira, baina agian ez gurekin batera”.

Erroldatutako 1.764 auzokide horiez gain, erroldatu gabeko herritar atzerritarrak ere bizi dira Galdakaon. Diagnosia erroldatuta zein erroldatuta ez dauden herritarrekin burutu du Ikuspegik. “Izan ere, Galdakaon erroldatuta egon ez arren, gure auzokideak ere badira”, dio Orozkok.

Iazko maiatzean hasi ziren diagnostikoa egiten, eta iraila aldera bukatu zuten. Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dituzte azterketa horren emaitzak. Guztira 25 herritar elkarrizketatu ditu aurrez aurre pertsonalki zein taldetan Ikuspegik: 19 migrante eta erreferentziako 6 autoktono. Migranteen artean daude: jatorri turkiarreko emakume errefuxiatua (Galdakaon 2018tik bizi dena); jatorri turkiarreko gizon errefuxiatua (Galdakaon 2018tik bizi dena); jatorri brasildarreko emakumea (2006tik Galdakaon bizi dena); jatorri ukrainarreko gizona, 30 urtetik beherakoa; sahararar jatorriko gizona (2012tik Galdakaon bizi dena); jatorri magrebtarreko emakumea (2014an Galdakaora iritsia); jatorri magrebtarreko 30 urteko emakumea (Galdakaon bizi den 2019tik); jatorri saharrarreko 30 urttik beherako emakumea; jatorri magrebtarreko emakumea (2009tik Galdakaon bizi dena); jatorri magrebtarreko hiru emakume; hiru emakume errumaniar; eta jatorri latinoamerikarreko beste gizonen talde bat. Eta autoktonoen artean: Eleak taldeko militante bat; hezkuntza arloko profesional bat; Galdakaoko errealitatearekin lan egiten duen profesional bat; Gizarte Zerbitzuetako profesional bat; osasun arloko langile bat; eta Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuko militante bat.

Diagnosiaren emaitzak

“Azken urteotan emandako bilakaerari begira, XXI. mendeko lehen urteetan, erroldatutako atzerritar jatorriko pertsonen kopuruak gora egin zuen euskal ekonomiak bizi zuen oparoaldiarekin bat eginez. Galdakaon ere horrelako bilakaera ikusten da. 2020ko datuak erreparatuta, atzerritar jatorriko pertsonen erdia (% 46,7) Latinoamerikatik dator (824 herritar). Latinoamerikarren ondoren, Europar Batasuna da jatorririk nagusiena (% 24,4; 430 herritar), eta gero, Magreb (% 15,1; 267 herritar) eta Asia (% 6,4; 113 herritar)”, dio Lia Gonzalez EHUko irakasle eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko kideak. Gonzalezekin batera Oier Ochoa de Aspuru Ikuspegiko kidea ere izan da gaurko prentsaurrekoan.

Generoari dagokionez, Gonzalezek adierazi du gehiago direla etortzen diren emakumeak gizonak baino: “EAEn eta Bizkaian gertatzen den bezala, Galdakaon immigrazio fluxuak feminizatuta daude, hau da, guztira gehiago dira heltzen diren emakumeak gizonak baino. Jatorri feminizatuena Nikaragua da, Paraguai eta Brasilen aurretik. Bestalde, feminizazio-tasa baxuenak afrikarrak dira”.

“Galdakaoko populazio-egituraren ezaugarri bereizgarri bat udalerrian bizi diren 15 eta 19 urte bitarteko gizonezko atzerritarren kopurua da:  2020ko urtarrilaren 1ean, Galdakaon 152 gizon zeuden adin-tarte horretan”, dio Gonzalezek: “Edozein kasutan, datu horiek ulertzeko kontuan izan behar da Bakarrik dauden adingabe atzerritarren harrerarako zentroa; Viveron dago (Galdakaoko lurretan) eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du”. Datuak datu, adin-tarte berean emakumezkoen kopurua 46 da. Emakumeen adin-tarterik nagusiena 35 eta 39 urte bitartekoa da (125 emakume).

Hezkuntza arloari erreparatuta, atzerritar jatorriko ikasleen % 99,5ak ikastetxe publikoetan ikasten du, eta % 0,6a itunpeko eskolan matrikulatuta daude. Lana eta enpleguaren esparruan, 2021eko urtarrileko datuen arabera, 115 biztanle atzerritar inguru zeuden langabezian Galdakaon, udalerrian egoera horretan zeuden pertsona guztien % 7,6a. “2020ko urtarriletik abendura bitartean, 716 lan-kontratu sinatu zituzten Galdakaoko biztanle atzerritarrek (416 gizon eta 300 emakume) eta esanguratsua da lan-kontratuen nolabaiteko generizazioa ikusten dela. Emakume gehienek (81, % 27) etxeko lana eta zaintzaren esparruan lortu zuten lanpostua eta gizonek, berriz, eraikuntzaren sektorean (92, % 22,1)”, dio Gonzalezek.

“kulturalki kontserbadorea”

Immigrazioari buruzko azterketa egiteko 19 migrante elkarrizketatu ditu Ikuspegik. Atzerritik etorritako bizilagunen arabera, “bizileku lasaia eta atsegina” da Galdakao, “jendetzarik gabea, arkitektonikoki zaindua eta garbia, oinarrizko azpiegiturak dituena, eta, bereziki, Bilborekin eta beste udalerriekin komunikatzeko bide egokiak dituena”. Gizarte giroari dagokionez, “gatazkarik eza eta errespetuzko tratu adeitsua” jartzen dute balioan: “Hala ere, oso udalerri garestia dela, dinamika sozial klasista duela eta kulturalki kontserbadorea dela ere iruditzen zaie. Gizarte bizitza handirik ez duela ere adierazi dute, aisirako aukerak faltan botatzen dituztela, eta “loleku den herri” gisa funtzionatzen duela”, dio Gonzalezek: “Erronka hauek luzatu dituzte herritarrek: bizikidetza giro inklusiboa lortzea, kulturalki eta sozialki askotarikoak diren populazio sektoreen arteko elkarrekintza bultzatzea, eta, azken finean, komunitate bizitza sustatzea, atzerriko jatorriko Galdakaoko biztanleen ekimen propioak eta inplikazioa kontutan hartuta”.

Diagnosiaren emaitzak aintzat hartuta, Ikuspegitik hainbat gomendio luzatu die udal ordezkariei: “Galdakaok baditu zerbitzu publikoak eta baliabide komunitarioak atzerritar jatorriko pertsonei arreta eta laguntza emateko, baina ez du erakunde koordinatzailerik haien artean era eraginkorrean lan egitea ahalbidetzeko; premiazkoa da kultura aniztasuna eta jatorri aniztasuna lantzea tokiko herritarren arretarako instantzia guztietan, zerbitzu publiko guztietan tratu egokia eta diskriminaziorik gabea bermatezeko beti; etxebizitza lortzeko zailtasuna arazo garrantzitsua da, aurreiritzi xenofoboek modu larrian eragiten baitie; eta, gutxiespen arrazistak eta xenofoboak pairatzen dituzten kolektiboen artean nabarmentzekoak dira migrazio prozesua bakarrik eta baliabide ekonomiko urriekin egiten duten emakumeak batetik, eta bestetik, komununitate musulmana, bereziki familia erreferenterik gabeko adingabe eta gazte magrebtarrak”.

Azterketa horren emaitzak kontuan hartuta, auzokide horien “benetako inklusioa” bilatuko duen plan bat egingo du Udalak: “Atzerritik datozen herritarren kultura edota ohiturak errespetatu behar ditugu, baita eurek gureak ere. Denona aintzat hartuta elkarren arteko errespetua bilatzea da asmoa”. Martxoan hasiko da Udala plan hori lantzen: “Plana diseinatu eta martxan jarriko dugu”, dio Orozkok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak