→Galdakao

Indarkeria matxistaren aurkako lehenengo plan integrala izango du Galdakaok

Indarkeria Matxistaren Aurkako lehenengo Plan Integrala lantzen ari da Galdakaoko Udala eta horretarako herritarren parte-hartzea bilatuko du.

Indarkeria matxistaren kontrako ekitaldia Basaurin 2019ko azaroaren 25ean // Geuria

Indarkeria Matxistaren Aurkako Plan Integrala lantzen ari da Galdakaoko Udala. Lehen aldia da horrelako plan bat landuko dutena eta horretarako herritarren parte-hartzea bilatuko du Udalak. Diagnostikoa lantzeko testuinguru horretan, herritarrei zuzendutako online galdetegi bat (esteka honetan) prestatu du Berdintasun arloak indarkeria matxistari buruz eta Udalak esparru honetan ematen duen zerbitzuari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko. Galdakaoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu Plan honen lanketan parte har dezaten, “izan ere, guztion artean soilik lortuko da aurrerapausoak ematea indarkeria matxistaren adierazpen guztiak behin betiko gure gizartetik ezabatzeko”, diote.

Planaren diagnostikoaren lehen fasea lantzeko, talde eragile bat sortu dute, gaiarekin inplikatuta dauden Galdakaoko Udaleko zenbait zerbitzutako ordezkariek osatua. “Talde eragilea arduratu da lan prozesu osoa kontrastatzeaz eta Plana egiteko estrategiak zehazteaz. Horretarako, indarkeria matxistaren aurkako jarduera ikuspegi integral batetik aztertu du eta zerbitzuak, programak, koordinazio esparruak, zailtasunak, pertzepzioak, aukerak eta abar berrikusi ditu”, diote udal ordezkariek.

Sei ardatz, hiru estrategia

“Indarkeria Matxistaren Aurka Borrokatzeko Plan Integrala indarkeria matxista herritik baztertzeko zeharkako konponbide integralak proposatuko dituen tresna izango da, eta horretarako, indarkeria matxistaren adierazpen guztiekiko prebentzioa eta zero tolerantzia sustatuko du herritarren artean, eta gai honetan parte hartzen duten eragileen arteko koordinazio esparruak sortzen lagunduko du, biktimei emandako arreta jarduera integratu eta koordinatuen bitartez hobetzeko asmoz, banakako zein taldekako kaltearen erreparazioan lan egiteaz gain”, diote udal ordezkariek. Horretarako, Planak sei ardatz estrategiko izango ditu: prebentzioa, detekzioa, harrera, koordinazioa, erreparazioa eta erantzun publikoa.

Horrez gain, Plana egiteko estrategiei dagokienez, honakoak dira talde eragileak bultzatuko dituen hiru puntuak: alde batetik galdetegia prestatzea, herritarrentzat zein indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeentzat, baita Galdakaon indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei arreta ematen dieten bestelako eragileentzat ere; bestetik, elkarrizketak egitea eragile garrantzitsuekin eta indarkeria matxista edozein modutan jasan duten emakumeekin; eta azkenik, eztabaida taldeak sortzea gizarteko hainbat sektoreren partaidetzarekin, hala nola, gazteekin, emakume elkarteekin, kargudun politikoekin eta indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta ematen dieten profesionalekin, baita biktimekin ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak