→Galdakao

Kronika | Irakurleen txoko birtualean

Mikel Ayllon idazlearen ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ liburua aztertu du apirilean Galdakaoko Irakurketa Taldeak. Bideo-deian sartu da GEURIA.

Apirileko bileran egin dugu bat Galdakaoko Irakurle Taldearekin // Geuria

Apirilaren 26a da, astelehena. Sei t’erdietan hitzordua dut Meet plataforman. Aspaldiko partez, berriro ere bideo-deia. Hilero bezala, Galdakaoko Irakurketa Taldeak zita dauka eta sudurluze bat sartuko da euren bideo-deian. Hori ni naiz. Sudurluzea bai, baina aldez aurretik adostutakoa. Helburua da Irakurketa Taldearen dinamika lehen pertsonan ezagutzea eta horren berri ematea. Emaitza: irakurtzen ari zaren kronika hau.

18:30. Nagorek Whatsapp bidez aurretiaz bidalitako estekan klik egin dut. Nire izena jarri eta bideo-deian sartu naiz. Badaude Irakurketa Taldeko zenbait kide. Hasieran sei, gero hamar. Pixkanaka-pixkanaka taldeko kide gehiagok euren ordenagailuak piztu dituzte bilera berri batera konektatzeko. Azkenean, hamabi bat lagun elkartu gara bileran, tartean, Amaia, Karmele, Marijo, Laura, Nagore, Yolanda, Txaro, Txelis, Josebe eta Maite.  Gaur, Mikel Ayllon (Laudio, 1980) idazle laudioarraren azken liburuaz hitz egingo dute: ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’. Iaz argitaratu zuen Ayllonek ipuin-bilduma hori eta Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi zuen. Ipuin-bildumak zoriontasunaren bila normaltasuna abandonatu duten pertsonei buruzko sei kontakizun biltzen ditu: “Anjak lana, familia eta sorterria utziko ditu, ezagutu duen maitearen atzetik joatearren; Marcok haurtzaroko mendietako mamuak ahaztu nahiko ditu itsas lainoen artean; Rosalía beretik eman eta eman ariko da, ordainetan deus gutxi eskatu gabe; Amaiak ez du bere institutuko lagunen moduan amaitu nahi; Izaskunek badaki beste pertsonei nola lagundu, bere buruarekin asmatzea falta… Zoriontsu izan nahi dute istorio hauetako protagonistek, baina badakite zoriona ez dela iragarkietako zelofanetan bildutako opari hori; are, susmatzen dute, ahaleginduagatik ere, ez zaiela trukean etorriko betiereko paradisurik. Baina ezin bertan goxo geratu, ezin etsi…”. Galdakaoko Irakurketa Taldeko kide denak bat datoz puntu batean: “Liburua irakurterraza izan da”. Hala ere, iritzi desberdinak izan dira liburuaren inguruan: batzuei gustatu zaie, eta beste batzuei ez. “Zoriontasuna zer da?” bezalako gogoetak azaleratu dituzte literatura-zaleek: “Zoriontasunaren bila egiten ditugu gehienetan gure bideak, baina zer aurkitzen dugu? Batzuetan zoriontasuna topatzen dugu; beste batzuetan, ez. Zorion perfektua ez da existitzen. Liburua hortik joan dela uste dut”, esan du, adibidez, Txelisek. “Irakurleok zoriontasunari buruz hitz genezan nahi bazuen, helburua lortu du idazleak. Horri buruz ari gara”, dio Karmelek. Beste batek esan du normaltasunak ematen diola zoriontasuna norberari; eta beste batek: “batzuk normalak gara, eta batzuetan zoriontsuak ere bai”. Denon barreak piztu ditu esaldi horrek, baita beste honek ere: “Zoriontasuna litzateke denak mahai baten inguruan izango bagina, pandemia aurretik egiten genuen bezala”. Liburuaren azalak ere barreak piztu ditu: “Portadan pertsona bat agertzen da, azal zurikoa. Hilda dagoela esan nahi du ala etzanda lasai dagoela?”. 

19:30. Bukatutzat eman dute gaurko hitzordua: “Zein liburu irakurriko dugu datorren hilabeterako?”, galdetu diote elkarri, eta Txarok proposamena luzatu du: “Irati Elorrietaren ‘Neguko argiak’”. Taldekideek proposamena onartu eta hurrengo hitzordurako data zehaztu dute: maiatzak 24. Bideo-deiari amaiera emateko, gogora ekarri nahi izan dute Gernikako Bondardaketaren 84. urteurrena. Ondoren, hurrengora arte elkar agurtu dute. Nik pozik bukatu dut bideo-deia. Taldea oso atsegina da eta oso gustura sentitu naiz. Eskerrik asko guztiagatik eta beste bat arte!

Galdakaoko Irakurketa Taldea: “Talde anitza gara iritzi zein gustuetan, eta hori oso aberasgarria da”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak