→Galdakao

Iskander Sagarminaga: “Mantxako kanala zeharkatzeko erronka atzeratu behar izan dut, Ingalaterran ezarri dituzten neurriengatik”

Aste honetan burutu behar zuen Mantxako kanala igerian zeharkatzeko erronka, baina Ingalaterran ezarri dituzten neurri berriengatik, ezin izan du bertara bidaiatu.

Williams sindromeari ikusgarritasuna eman nahi dio Iskanderrek zeharkaldiarekin // Iskander Sagarminaga

Mantxako kanala zeharkatzeko asmoa du Iskander Sagarminaga igerilariak (Galdakao, 1983). Aste honetan burutu behar zuen erronka, baina Ingalaterran ezarri dituzten neurri berriengatik (15 eguneko koarentena bete behar dute bertara doazenek), ezin izan du bertara bidaiatu.

Mantxako kanala zeharkatzeko asmoa duzu. Ideia zelan otu zitzaizun?
Mantxako kanala berez distantzia luzeetako zeharkaldietan froga esanguratsuena da. Gogorrenetarikoa eta erronka oso handia. Umetan izan nuen honen berri, eskolako liburu batean irakurri eta erronkak liluratu ninduen. Orain dela bost urte igerian eta itsas zeharkaldiak egiten hasi nintzenean Mantxako kanala egiteko gogoa piztu zitzaidan.

Aste honetan egin behar zenuen zeharkaldia, baina bertan behera utzi behar izan duzue.
Hala da. Aste honetan egiteko asmoa geneukan, baina Ingalaterran ezarri dituzten azken aldaketak direla eta, ezin gara bertara joan. Dena geneukan prest bertara atzo bidaiatzeko baina larunbat gauean berrogeialdia ezarri zuten, Ingalaterran 14 egun etxetik irten barik. Ordu batzuengatik ez genuen bidaiatu. Itxaroten gaude ea noiz biadaiatu ahal den. 

Erronka burutuko duzun eguna, zeren arabera erabakitzen da?
Erronka egiteko astebete egoten da, marea hilen arabera, zazpi egun tarte horretan, zure alboan doan barkuko kapitainak erabakitzen du noiz irten behar den. Berak, haizea, korronteak, olatuak, eguraldia eta abar izaten ditu kontuan. Baliteke aste guztia bertan egotea eta ezin irten izatea.

13 ordu inguru egingo dituzu igerian, gainera, neopreno barik.
Neopreno barik egitea derrigorrezkoa da. Tradizioa da, lehenengo biderrez zeharkatu zeneko baldintza berdinak bete behar ditugu. Neoprenoa laguntza handia da hotza kentzeko, flotagarritasuna gehitzeko eta abiadura emateko. Beraz, erronka ez zen berdina izango.

Zein tenperaturatan egoten da Mantxako kanaleko ura?
Uztaila amaieran 17 gradu ingurutan egoten da, hainbeste ordu egoteko gorputza hotzera egokitu behar da.

Eta gorputza egokitzeko, zelan prestatu zara?
Entrenamentuak batez ere itsasoan egin ditut, Ur Irekiak Galea taldearekin. Neguan neopreno barik ibili naiz, 10-11 graduko uretan. Gero igerilekuan, Galdakaoko igeriketa taldeko gazteekin ibili naiz ahal izan dudanean, baita Andrea de la Hera herrikidearekin ere. Andrearekin itsasoan zein igerilekuan ibili naiz entrenatzen.
Aurten Iker Lopez Torre, Kirolene-ko lankideak indarrezko ariketa berezi batzuk ipini dizkit. Arlo horretan erreferente bat da Iker. Makina espezifiko batzuk behar nituen eta Galdakaoko Elexalde Zentruan bazeuzkaten, beraz aurten aspaldiko partez indarra landu dut. Gogor gainera.

Ur Irekiak Galea taldearekin entrenamenduak egin ditu Iskanderrek // Iskander Sagarminaga

Psikologikoki ere gogorra izango da.
Psikologikoki badakit gogorra izango dela, sufrituko dudala, baina badakit horretaz gozatzen. Asko disfrutatzen dut itsasoaz eta igeri egiteaz, beraz momentuaz gozatzen dut eta ez dut zenbat falta den eta zer etorriko denataz asko pentsatzen. Egiten bada bikain eta ezin bada, ba beste batean ahalegintzen da eta listo.

Noiz hasi zinen entrenamenduekin?
Bereziki aurten egiteko ez dut prestatu, baina bai hasita nuela gerorako begira prestakuntza. 2021 edo 2022-an egiteko. Uste baino hobeto egokitu naiz hotzera, distantzia luzeko hainbat itsas-zeharkaldi egin ditut, gainera, taldekide bik (Jose Ramon Sanz eta David Ryan) Kanala zeharkatu zuten. Hauek aurten egitera animatu eta lagundu didate, gainera Jose Ramon Sanz barkuan laguntza moduan etorrika da, Eider Eibar ilustratzailearekin batera.
Eiderrek esperientzia honen ilustrazio batzuk egingo ditu bidaia eta erronkari buruz eta kokoak.eus webgunean ikusgai egongo dira. Bidaiaren eguneroko grafiko bat izango da. Kokoak Eiderrek eta biok sortu dugun proiektu personala da eta bertan gure lanak erakusten ditugu.

Williams sindromeari ikusgarritasuna eman nahi diozu zeharkaldi honekin.
Bai, lagun bat dut, Igor, eta horregatik erabaki genuen Williams sindromeari ikusgarritasuna ematea. Jaiotzen diren 20.000 umeetatik batek izaten du sindromea, zazpigarren kromosoman material genetikoa galdu delako. Oso hurbilekoak eta irekiak dira normalean, fisikoki ebakuntzaz konpontzen den bihotzeko berezitasuna da aipagarriena. Ea erronka honekin lortzen dugun zeozer gehiago Williams sindromea ezagutaraztea.

Koronabirusaren pandemiak zure prestaketan eraginik izan du?
Egia esan, orain inoiz baino hobeto nagoela uste dut. Konfinamenduan hainbat igerilarik Zoom bitartez indarrezko ariketak burutzen genituen eta indarra ondo landu dugu eta aktibo mantendu gara. Gero itsasora joan ahal ginenetik ez naiz gelditu igeri egiteaz. Lehenengo eguneko sentsazioak arraroak ziren, baina hirugarren egunerako ondo ikusi nuen nire burua eta lankide batekin, bera Paddle-ean eta ni igerian, Lekeitio-Ogella-Lekeitio egin nuen 10 kilometro baino gehiago, oso erritmo onean eta sentsazio onekin. Etxean ariketak egiteak ondo mantendu nau. Kirol maila ez profesionalean ez dut uste bi hilabete hauek min handiegia egin dutenik. Etxean aktibo mantendu bazara, noski.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak