→Galdakao

Istiluak izan dira bigarren egunez Galdakaon: pertsona bat atxilotu dute

Argazkia: Unai Zabaleta

Istiluak izan dira bigarren egunez Galdakaon. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur goizean Radio Euskadin adierazi duenez, pertsona bat atxilotu dute bart izandako istiluetan. “Bart istiluak izan dira Portugalete, Tolosa, Galdakao, Plentzia, Amurrio… baina ez dira bereziki aipagarriak izan”, adierazi du Erkorekak bere sare sozialetan. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, atxilotua 42 urteko gizonezkoa da, eta desordena publikoa egotzi diote. Atxilotua epailearen esku jarriko dute gaur, Bilboko Guardiako Epaitegian.

Bestetik, gauerdia baino minutu batzuk lehenago, suhiltzaileek sute bat itzali behar izan dute olio birziklatuaren edukiontzi batean, Zubiaurretarren kalean.

Ostiraletik larunbatera bitarteko gauean Galdakaon kalean ziren ehun bat herritar sakabanatzeko Ertzaintzaren karga “neurrigabeak” salatu zituzten lekukoek. Ildo horretan, istiluak ez errepikatzeko ahalegina egiteko eskatu die Galdakaoko Udalak alde guztiei.

Galdakaoko jeltzaleek gaueko istiluak salatu dituzte beste behin: “Tamalez, Santa Kurtzeko ez jaien bigarren gaueko istiluak salatzen ditugu gaurkoan ere. Zenbait jokabide eta arau haustek ez lukete gaur egungo gizartean lekurik izan beharko”, diote. Era berean, elkartasuna adierazi diete segurtasun agenteei, eta Udalari eskatu diote, “berriz ere, benetako neurriak” hartzeko, “gure herrian horrelako egoerak berriz ere errepika ez daitezen”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak