→Galdakao

Galdakaoko Santakurtzak iragartzeko kartel lehiaketak 2.100 euro banatuko ditu

2019ko Santakurtzak udaletxeko balkotik // Geuria

Bi urte ondoren Santakurtzak jaiak ospatuko dira Galdakaon irailaren 9tik 18ra bitartean. Jai Batzordea lanean da egitaraua prestatzen, eta bitartean kartel lehiaketa martxan jarri du Udalak. Interesdunek uztailaren 5era arte dute euren lanak aurkezteko epea zabalik, eta pertsona bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahal izango ditu. Entrega Torrezabal Kultur Etxeko Kultura, Gazteria eta Kirol sailean egingo da 09:00etatik 14:00etara bitartean.

Lanak leloa idatzita eta izenperik gabe aurkeztuko dituzte partaideek, eta kartelekin batera, gutun azal itxi baten kanpoaldean lelo berbera eta egilearen adina. Gutun azalaren barruan jasoko dira egilearen datu pertsonalak (egilearen izena, helbidea eta telefonoa) eta NANaren fotokopia, edo hamalau urtetik beherakoa balitz, bere nortasuna eta jaiotze data egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu publiko edo ofizial.

Guztira 2.100 euro banatuko dituzte saritan: kartel irabazlearen egileak 1.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 400 euro eta Galdakaoko lehenengo irabazleak beste 400 euro. Haur eta gazteen kategorian, Galdakaoko denda batean gastatzeko 100 euroko bonoa izango dute ondorengo adin tarteko irabazleek: 2012 eta 2014 urteen artean jaiotakoak, 2008 eta 2011 artean jaiotakoak eta 2005 eta 2007 artean jaiotakoak. Saridunak epaimahai batek aukeratuko ditu eta azken erabakia uztailaren 15a baino lehen hartuko dute.

Teknika librea

Aurkeztutako lanek aurretiaz argitaratu gabeak behar dute izan eta 50x70ko neurria izan behar dute, euskarri zurrun baten gainean muntatuta. Kolorea eta teknika librea izango da eta nahitaez “Galdakaoko Santakurtzak 2022. Irailak 9-18” leloa eraman beharko dute.

“Lanek ezingo dute diskriminatzaileak izan sexu arrazoiengatik. Hori dela eta, testuetan lengoaiaren erabilera ez sexista egin beharko dute eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatua egongo da. Era berean, lanetan inoiz ez dira onartuko, emakumeak objektu sexual baliran aurkezten dituzten irudiak, emakumeak gutxiesten dituztenak, edo horien aurkako indarkeria justifikatu edo sustatzen dutenak”, diote udal ordezkariek.

Azken kartel irabazleak

Azken urteetan Santakurtzak jaiak iragarri dituzten kartelen errepasoa egin dugu GEURIAn. Azken hiru urteetan (2019, 2018 eta 2017) Borja Sanchez Collado galdakoztarrak irabazi du lehiaketa.

2019 — Borja Sanchez Collado (Galdakao)

2018 — Borja Sanchez Collado (Galdakao)

galdakao jaiak 2018 kartel irabazlea lehen saria

2017 — Borja Sanchez Collado

2016 — Mireia Gonzalez (Galdakao)

2015 — Ruben Lucas (Murtzia)

galdakao santakurtzak kartela 2015

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak