→Galdakao

Hauek dira Galdakaoko jaietan jo dezaketen 9 musika taldeak; herritarrek 3 aukeratuko dituzte

Argazkia: Galdakaoko Udala

Skakeitan, Skabidean, Liher, Califato 3/4, Zetak, Los de Marras, La Furia, J Martina eta Sua. Musika talde horien artetik herritarrek aukeratuko dituzte Galdakaoko Santakurtze jaietako kontzertuak. Zehazki, bederatzi talde horietatik hiru aukeratuko dituzte galdakoztarrek; irailaren 9rako, 10erako eta 16rako, alegia.

Herritar bakoitzak egun bakoitzerako talde baten aldeko botoa eman ahalko du, eta horretako Jai Batzordeak hiru multzo antolatu ditu. Honakoak dira botoa emateko aukerak: irailaren 9an Skakeitan, Skabidean edo Liher; irailaren 10ean Califato 3/4, Zetak edo Los de Marras; eta irailaren 16an La Furia, J Martina edo Sua. Bozkatzeko epea dagoeneko zabalik dago maiatzaren 19ra arte erabaki.galdakao.eus webgunean.

2022ko Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko prozesuari hasiera eman zioten apirila hasieran Udalak eta Jai Batzordeak. Apirilean herritarrek iraileko jaietarako kontzertuak proposatzeko epea izan zuten zabalik eta guztira 68 proposamen helarazi zituzten.

KONTZERTU NAGUSIA

Bestetik, irailaren 17rako kontzertu nagusia erreserbatu dute Jai Batzordeak eta Udalak. Kontzertu nagusiaren aukeraketari dagokionez, Jai Batzordeak berak jasoko ditu batzordeko taldeen proposamenak, eta zerrenda bat egingo du Udalari helaraziko diona. Udala, bere aldetik, aukeraketa egiteaz arduratuko da.

Ardanza Lehendakariaren plazan egingo diren kontzertu guztien % 45eko kostua izango du gehienez kontzertu horrek, eta hautaketa irizpide hauek hartuko dituzte kontutan: proposamenak teknikoki eta ekonomikoki baloratuko dituzte; proposamenetan gehien errepikatzen diren taldeek lehentasuna izango dute; musika estiloa, publikoaren adin tartea eta emakumeen parte hartzea ere kontuan izango da. Ez dira onartuko mezu edo jarrera diskriminatzaileak bultzatzen dituzten musika taldeak; azken jaietako talde nagusia (Fangoria) kanpokoa izan zela eta, aurten, euskal taldea izateari preferentzia emango diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak