→Galdakao

Galdakaoko jaiak antolatzeko bilera irekia deitu du datorren astean Jai Batzordeak

// Geuria

Irailaren 9tik 18ra bitartean izango dira Galdakaoko Santakurtzak. Jai Batzordea arduratzen da urtero jaiak antolatzeaz —Udalaren babesarekin—, eta apirilean martxan jarriko dira dena antolatzen. Bi urte dira Galdakaoko jairik gabe, eta Jai Batzordea ideia berriekin itzuli da: fase berri bati ekingo dio eta horretarako, aurten bilera irekia deitu dute herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Bilera hori herritar guztiei dago zuzenduta eta apirilaren 26an, asteartez, izango da Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian 19:00etan. “Deialdiaren bidez, Jai Batzordea eta gure herriko jaiak ireki nahi dizkiegu Santakurtzetako edizio berri honetarako ekarpenak egin nahi dituzten guztiei”, diote.

“Deialdiaren zergatia eta arrazoia entzun, jaiei edo Jai Batzordeari buruz sor daitekezan zalantza guztiak argitu, egoki deritzoten ideiak edo kritikak aurkeztu… horretarako izango da bilera irekia. Batez ere, herriak berak eta herritarrek nahi dituzten jaiak egitea da asmoa, hori baita garrantzitsuena guretzat”, diote Jai Batzordeko ordezkariek: “Parte hartzeko garai berri bati ekitea da helburua, Galdakaon bizi garen pertsona guztien jai herrikoien izaera jasoko duena. Pandemia garaiaren ondoren, denbora inklusiboagoa irekitzea, are parte hartzaileagoa, denbora baliotsuagoa. Eman diezaiogun balioa guztion artean eta guztiontzat den zerbaiti. Apirilaren 26an zuen zain egongo gara Torrezabalen”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak