→Galdakao

Janire Markina: “Galdakaon Emakumeon Etxea eraiki behar da, bertan gure espazioa izateko”

Belaunaldi aldaketa jasaten ari da Momoak Talde Feminista. Martxoaren 8az, asanblada feministez, pandemiaz, genero-indarkeriaren legeaz edota Emakumeen Etxeaz hitz egin dugu Janire Markina Gil Momoakeko kidearekin.

Momoak talde feministako kide da Janire Markina Gil // Geuria

Pandemia baten erdian gauden arren, borroka feministak ez du etenik. Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte martxoan zehar, eta gaur, martxoak 8, manifestazioa izango da 19:00etan Kurtzeko plazatik. Janire Markina Gil (Galdakao, 1987) Momoak talde feministako kidearekin izan gara.

Noiztik zara Momoak taldeko kide?
Momoak talde feminista 2016. urtean sortu zen. Aurretik beste talde feminista batzuk egon ziren Galdakaon, baina gauza batengatik edo besteagatik ez zuten aurrera jarraitu. Orduan elkartu ginen lauzpabost emakume eta erabaki genuen saretu behar ginela eta horren arabera hasi ginen lanean. Horrela eraiki genuen Momoak talde feminista. Gero beste emakume asko joan ziren elkartzen. Batez ere beharrizan bat ikusten genuen Galdakaon: talde feminista baten beharra, emakumeon eskubideengatik borrokatzeko. 

Zenbat emakume zaudete taldean?
Hamabost pertsona inguru gaude aktibo Momoak talde feministan. Belaunaldi aldaketaren erronka dago gaur egun: beteranoagoak garenak “jubilatzen” hasi gara eta gero eta neska gazte gehiago ari da taldera batzen. Hori benetan poztekoa da: gure atzetik lekukoa hartuko duten neska gazteak mugimendu feministan inplikatzea. 

Momoaken helburu nagusiez galdetuko banizu.
Helburuak oso argiak dira: Galdakaoko emakumeen beharrizanengatik borrokatzea, jendeari kontzientzia piztea, emakumeek ikustea Momoak talde irekia dela eta ateak irekita dituztela edozein zalantza edo kezka argitzeko, laguntza emateko, edozein proiektu egiteko edo aldarrikapenak egiteko.

Taldea irekia dela esan duzu.
Gurekin bat egiteko ateak guztiz zabalik ditu hala nahi duenak. Oraindik ez daukagu lokal finkorik, baina astero-astero biltzen gara, ostegunero 19:30ean. Gainera, gurekin edozein unetan harremanetan jartzeko sare sozialak ditugu: Instagram eta Facebook. 

Lokalik eskatu diozue Udalari?
Udalarekin harremanetan gaude leku bat utz diezagun. Momentuz zain gaude. Hala ere, Emakumeen Etxea eraikitzeko asmoa agertu dute udal ordezkariek, eta etxe horretan gure espazioa izango dugula ikusten dugu. 

Zeri buruz hitz egiten duzue asanbladetan?
Gure proiektuen inguruan hitz egiten dugu. Eta data zehatz bat hurbil daukagunean, horren inguruan antolatu beharrekoez aritzen gara. Talde askori gertatzen zaien moduan, hemen Euskal Herrian lan-karga oso handia da, hau da, joan behar zara lan egiten datozen ekintzen arabera. Eta astero dator zerbait. Orduan, askotan falta zaiguna da hori: egitea barne lanketa bat. Hala ere, baditugu gure barneko proiektuak, baita kanpora begirakoak ere.

Zeintzuk izan dira Momoakek gauzatu dituen ekintzarik esanguratsuenak?
Momoak sortu zenetik bost urte pasa dira eta urte hauetan egin dituen ekintza esanguratsuenen artean Martxoaren 8koa dago. Ekintzarik potenteena izan dela esan dezakegu. Hala ere, proiektu asko egin ditugu. Besteak beste, Azaroaren 25a, jaietan eraso sexistei aurre egiteko buru-belarri lanean egon gara protokoloak prestatzen, beste elkarteen aldarrikapenekin ere bat egin dugu, Pentsionisten Mugimenduak deialdiak egin dituenean komunean zerbait egiteko elkarlanean aritu gara…Bost urte hauetan lan asko egin dugu herrian, baina deigarriena Martxoaren 8aren inguruko ekintzak izan dira. Galdakaon emakume asko mugiarazi genituen. 

Emakumeen hainbat elkarte zaudete lanean Galdakaon eta Usansolon. Besteak beste, Momoak, Erabide, Basandere, Mairi, Usansoloko talde feminista…
Beste taldeekin harremana egon badago gauza puntualetan. Saiatu gara harreman gehiago izatea taldeen artean eta gauza asko komunean jartzen, baina oso zaila da. Guk talde feminista moduan gauza batzuk aldarrikatzen ditugu eta eurek emakume talde moduan ez dituzte gauzak era berean ikusten, beraz, batzuetan ez gara joan bide berdinetik. Gu talde moduan kalean egoten gara, kaleko mugimenduan tinko, kaleko emakumeekin harremanetan. Gure lana kalean dago eta, adibidez, beste talde batzuena ez dago hainbeste. Adin ezberdintasuna ere adierazgarria da talde batzuen zein besteen artean, eta egia da mugimenduak diferenteak direla. Baina harremana badago eta gauza batzuk elkarrekin egiten ditugu. Gustatuko litzaiguke elkartuago egotea —askotan borrokatu dugu horren alde—, baina badakigu bideak ez direla berdinak. 

Martxoaren 8aren bueltan gaude eta, egunetik egunera aldarrikapenerako arrazoi gehiago azalarazten direla ematen du. Zein da arrazoia: emakumeen eskubideak gero eta zapalduago daudela edo mugimendu feminista erabat esnatu dela?
Martxoaren 8a aldarrikapenerako eguna da. Oso egun potentea da. Azken hiru urteetan berpiztu egin da mugimendu feminista: emakumeak kalera irten gara eta gure aldarrikapenengatik borrokatu dugu. Ez litzateke soilik egun bakar batean zentratu behar; urte osoan zehar izan beharko luke martxoaren 8a. Hortaz, arrazoiak biak dira: alde batetik gure eskubideak aldarrikatzeko hartzen ditugu kaleak, eta bestetik mugimendu feminista berpiztu egin dela esan genezake, zalantza barik.

Aurreko greba feministetan lau esparrutan jarri da fokua: zaintzan, lanean, kontsumoan eta hezkuntzan.
Nik uste oso gutxi borrokatzen dela emakumeon arazoengatik, eta esango nuke aldaketa oso gutxi eman direla esparru horietan. Berdin jarraitzen dugu. Politikoek feminismoaren eta berdintasunaren aldarrikapenean daudela diote, baina gero, legeak aldatu behar direnean ez dute ezer ere egiten. Figurazio bat da: “hemen gaude, zuekin gaude”, baina gero, jarrera kontua da: ez dute ezer aldatzen eta denak berdin jarraitzen du. 

Emakumeok jasaten dugun zapalkuntzarik handiena kapitalismoa izaten jarraitzen al du?
Bai, hala da. Kapitalismoak eragozpen bat izaten jarraitzen du. Eta, gainera, kapitalismotik abiatuta, beste zapalkuntza batzuk datoz. Hala nola, patriarkatua, langile klasea, arraza, gaitasuna… Hori aldatzea ez da erraza izango, baina borrokan jarraitzea ezinbestekoa da, eta momentu batean lortuko dugu.

Aurten, greba egunik ez. Zer antolatuko duzue Galdakaon?
Egungo egoeran oso zaila da zerbait antolatzea. Oso mugatuta gaude, jendea ez dago horren motibatuta, eta hori normala da, aurten bakoitzak bere egoera pertsonala duelako. Galdakaon manifestazioa deituko dugu martxoaren 8aren harira. Aurten manifestazioarekin nahikoa izango dugula uste dugu, eta horregatik espero dugu emakumeak eta herritarrak kalera irtetea urte zaila izan dugun arren. 

Berdintasunerantz egiteko erantzukizuna gizarte osoarena da, emakume zein gizon.
Momoak ez da talde mistoa, baina bai ikusten dugu berdintasunerako lanean gizonak ere egon behar direla. Uste dut emakumeok lehenengo ilaran borrokatu behar dugula, eta gizonak bidelagun izan behar ditugula. Berdintasuna lortzeko gizonen babesa ezinbestekoa da. Gero eta normalizatuago dago mugimendu feminista gizartean, ez da hasieran bezain harrigarria edo arrotza.

Zurrumurru matxistak oraindik hor daudela esango zenuke?
Bai. Komentario matxistak oraindik entzuten dira. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka kontzientzia hartzen ari da gizartea. Zurrumurru horiek identifikatzea askoz ere errazagoa da gaur egun. Batez ere arreta berezia jarri behar dute gazteek, etorkizunean zurrumurru matxista gutxiago egon daitezen. Gazteek argi izan behar dute zer den matxista, zein komentario den matxista, eta horren aurrean zerbait esan behar dutela jakin. Modu horretan aldaketa bat eragin daiteke. 

Covid-19 pandemiak eraginik izan al du mugimendu feministarengan?
Bai, noski. Pandemiak eragina izan du, baina ez bakarrik mugimendu feministan. Euskal Herriko talde edo elkarte guztietan izan du eragina Covid-19ak. Pandemia batek dena gelditzen du eta gure kasuan, gure jarduna ere geldiarazi izan du. Kolpe latza izan da koronabirusa, osasun arazoez harago, jendea ez dagoelako motibatuta bere arazo pertsonalen inguruan, eta Momoak taldean ere hori ikusi da. Azken hilabeteetan berriro elkartzea lortu dugu, baina egia esan, zaila ari da izaten denak batzea egungo prebentzio neurriak direla eta. 

Instituzioek eta gobernuek genero-indarkeriaren legea hobetu dezaketela uste al duzu?
Bai, instituzioek eta gobernuek genero-indarkeriaren legea hobetu dezakete, guztiz. Hau da ez bai ala ez kontua. Legea aldatu egin behar da, bai ala bai. Ez du balio esateak “ez dakit zenbat salaketa egon dira”, “ez dakit zenbat hilketa egon dira”, “honi esku-hartu behar zaio” edo “feminismoarekin bat gaude”, “emakumeekin batera gaude”. Ez. Hau benetako zerbait izan behar da eta horretarako legea aldatu behar da. Ezin da beti emakumeen hitza zalantzan jarri. Ezin dugu horrela jarraitu. Ez badira politikoak edo gobernua horretan hasten, azkenean ez dugu ezer ere aldatuko. 

Emakumearen hitza oraindik ere zalantzan jartzen da askotan.
Emakume batek eraso matxista bat jasan badu, salaketa jarri badu, bere hitza beti zalantzan jartzen da oraindik ere. Eta, gainera, gizon askok inpunitate osoarekin egiten dituzte gauzak, badakitelako ez daukala inolako ondoriorik. Kasu oso ikusgarriak agertu dira komunikabideetan eta asko ezerezean geratu dira. Orduan, eurentzako bidea librea da. 

Emakume gehiagok eta batez ere gazte gehiagok asanbladetan parte hartzea oraindik ere zaila da?
Zaila da. Oraindik ere asko kostatzen da asanbladetan parte hartzea eta gazteak mugiaraztea, eta are gehiago egungo egoerarekin. Gure kasuan, egia da ikusi dugula eraldaketa bat sortzen ari dela taldean, eta belaunaldien arteko erreleboa ari dela gertatzen, baina oraindik ere asko kostatzen den errealitate bat da. Badago neska gazte asko lan egiteko gogoz, baina egia da ezin ditugula gauza asko egin, hala nola, elkar ezagutu edo ekintzak egin. Nik animatuko nituzke taldera etortzera, gauzak proposatzera, euren zalantzak eta beharrizanak adieraztera, behar dituzten gauza guztiak proposatzera. Horretarako gaude: lantzeko eta gauzak egiteko; ez da bakarrik aldarrikapen bat. Barneko lanketa bat egin beharra dago. 

Galdakaoko Emakumeen Etxea aipatu duzu arestian.
Emakumeon Etxeak Galdakaon errealitate izan behar du. Urteak eta urtean eman ditugu proiektu horren atzetik. Eraiki behar dela uste dugu. Gure ustez, gauzak finkatuta egon behar ziren hasiera batean. Ez genuen ikusten etxe bat eraikitzea, eraikitze hutsagatik. Hau da, proiektu bat egon behar zen atzetik eta gauza zehatzak garatu. Gaur egun horretan gaude.

Zergatik da beharrezkoa Emakumeen Etxea Galdakaon?
Ikusten dugu beharrezkoa, batez ere, emakumeek beren espazioa izateko eta bertan libre sentitzeko. Gaur egun ez gauzak egiteko lekurik (hitzaldiak, tailerrak…), edo taldeak berak elkartzeko. Guk, adibidez, ez daukagu lokalik, orduan ikusten dugu Emakumeon Etxean espazio hori izango dugula. Leku ireki bat izan beharko luke, edozein emakumerentzat ateak zabalik dituena.

Bideoa | Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua hasi dute Galdakaon

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak