→Galdakao

Jon Crespo presoari ezarritako gradu-erregresioa salatzeko manifestazioa deitu du Sarek Galdakaon

Abenduan Sarek Basaurin deitu zuen manifestazioa // Sare

Auzitegi Nazionalak Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua baliogabetu dio. Horren aurrean Sarek manifestazioa deitu du otsailaren 12an, larunbatez, Galdakaon: “El Duesoko tratamendu-batzarrak Jon Crespo euskal presoari hirugarren gradua emateko erabakia hartu ondoren, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak gradu hori atzera botatzeko hartu duen erabakia beste urrats bat da gure herrian bizikidetzarako bidea oztopatzeko”, diote. Manifestazioa 13:00etan izango da Kurtzeko plazatik.

“Berriro esan behar dugu espetxeetako tratamendu-batzordeek gradu-progresioak edo espetxeko baimenak ematea onartzen dutenean, irizpide profesionalen arabera hartzen dutela erabaki hori. Eta irizpide horiek zuzendu nahi ditu Fiskaltzak, Jon Crespok izan duen espetxe-bilakaeraren berri izan gabe”, diote Saretik: “Berriro ere oztopoak jarri nahi dituen jarrera baten aurrean gaude. Jarrera horren oinarrian irizpide politikoak baino ez daude, eta gainditu behar eta nahi ditugun etapetara garamatza”.

Halaber, Basauriko espetxeko tratamendu-batzarrari eskatzen diote Cresporen hirugarren gradurako progresioa berriro aztertzea eta berrestea: “Basauriko espetxeko tratamendu-batzarrak uste badu presoa hirugarren graduan egoteko moduan dagoela, eta lan-munduan sartuta egoten jarraitu ahal duela, orain arte egon den bezala, hirugarren gradurako progresioa berriro aztertzeko eta berresteko eskatzen diogu”, diote Saretik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak