→Galdakao

BIDEOA | Antonio Crespo: “Jon ziur dago laster aterako dela espetxetik, eta gu ere konbentzitzen ari da”

Auzitegi Nazionalak Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua baliogabetu zion otsailean eta Basauriko espetxera sartu behar izan du berriro. Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hirugarren graduan utzi zuen Crespo 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia jaso baino lehen, baina lau hilabete ondoren gradu-erregresioa ezarri eta espetxean dago berriro, bigarren graduan.

Ildo horretan, Cresporen senideek eta lagunek galdakoztarra berriro ere hirugarren graduan uzteko eskatu, eta sinadurak biltzen ari dira: “Sinadura bilketarekin herri mailan indarra egin nahi dugu, gure indarra Madrilera, Auzitegi Nazionalera, irits dadin. Azken finean, Auzitegi Nazionalak du gai honetan azken hitza”, adierazi dio Antonio Crespo Jonen aitak GEURIAri.

Hain zuzen ere, Cresporen senideek eta lagunek Galdakaoko talde eta elkarte desberdinetako ateak joko dituzte martxoan zehar, egoera zein den, zer gertatu den eta “harridura eta haserre hau” zergatik dagoen azaltzeko. “Gaiaren inguruan hausnartzea eskatuko diegu herriko taldeei, eta nahi badute, egoeraren berri ematen duen testua sinatzea eskatuko diegu”, diote. Testuak, besteak beste, honako puntuak jasotzen ditu: presoaren gizarteratzea funtsezko printzipioa dela; elkarbizitzaren alde Crespok herrian integratzeko duen gaitasun pertsonala; bere egoeraren normalizazioan “atzerapauso” hori justifikatzen duen elementurik ez dagoela; inplikatutako erakundeei eta horien arduradunei Cresporen espetxe-egoeraren progresioa “ahalik eta lasterren” aplikatzea; eta errealitate hori ezagutarazteko konpromisoa.

Jon Crespo presoa hirugarren gradura bueltatzea eskatzeko sinadurak jasoko dituzte Galdakaon

“Albistea izugarria izan zen, kolpe ikaragarria. Hainbeste urte kartzelan eman ondoren, atea ireki ondoren, normalean hirugarren graduen perspektiba denbora gutxiren buruan baldintzapeko askatasun bihurtzea denean, eta handik lau hilabetera, lanean ari zarenean, zoriontsu zaudela, berriro espetxera itzuli behar duzula esaten dizutenean. Eta arrazoi bat ematen dizute. Arrazoia ezagutu nahi duzu? Terrorismoaren biktimei barkamenik ez eskatu izana”, dio Antoniok: “Jonek ez du biktimarik izan. Noren biktimei eskatu behar die barkamena? Ez dut ulertzen. Eta horrek bizitza hondatzen digu. Dagoeneko amaitu dela dirudien zerbait ikusten duzunean, zerbait polita, ederra, eta une jakin batean berriro mozten dizutenean, izugarria da”.

Jon Crespo Duesoko espetxean zegoela bertako Tratamendu Batzordeak hirugarren gradua ematea adierazi zuen 2021eko urrian, eta Espainiako gobernuak erabaki hori baliozkotu zuen: “Dueso espetxeko Tratamendu Batzordeak —egunero berarekin harremanetan dagoena— eta Espainiako gobernuak Jonen hirugarren gradua onartu zuten. Dena zuzen zegoen espetxetik irten ahal izateko. Dagoeneko urritik otsailera bitartean lanean izan da Galdakaon Udalak gizarteratzera bideratutako lanpostu batean”, dio Antoniok. Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabetu zion hirugarren gradua Crespori, Fiskaltzak errekurtsoa jarri ondoren.

“Orain, Basauriko tratamendu-batzordea biltzearen zain gaude. Ez dakigu zehazki noiz bilduko den, baina nahiko ziur gaude Jonen hirugarren gradua berriro baliozkotuko dutela, baldintza guztiak betetzen dituelako. Lakuak ere baliozkotuko du, noski. Beraz, bagoaz aurrera, baina Madril da berriz ere hori gauzatzeko aukera duena, Jonek, eta gainontzeko preso guztiek, baldintzapeko askatasuna eta, ondoren, erabateko askatasuna eskuratzeko aukera izan dezaten. Hori da espero eta nahi duguna”, dio Antoniok.

Gaur egun Jon zelan dagoen galdetuta, zera erantzun digu bere aitak: “Oraintxe bertan gu baino indartsuago dagoela esango nizuke. Basauriko espetxea ezagutzen du, baita bertan dauden pertsonak ere. Liburu pila bat eraman ditu ikasteko, Basauriko espetxeak ez duelako beste zerbait egiteko aukera askorik ematen, ez du apenas lekurik. Orduan ikasten eta ikasten ari da. Suhiltzaile izateko, alegia. Suhiltzaile ona izango da ziur”, dio Antoniok: “Jon ziur dago laster aterako dela espetxetik, eta gu ere konbentzitzen ari da. Zaila da, baina tira, gogotsu dago”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak