→Galdakao

Antonio Crespo: “Oso pozik gaude Joni hirugarren gradua eman diotelako berriro”

Argazkian: Sarek iazko abenduan Basaurin deitu zuen manifestazioko irudi bat eta Antonio Crespo // Sare/Geuria

Hirugarren gradura bueltatu da Jon Crespo Ortega preso galdakoztarra. “Oso pozik gaude eta Jon ere oso pozik dago. Espetxeko Tratamendu Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua ematea adostu dute, kalean espetxean baino hobeto dagoela adieraziz. Oso pozik gaude Jon berriro gure artean egoteaz”, adierazi dio Antonio Crespo Jonen aitak GEURIAri. Basauriko espetxera lo egitera baino ez da itzuli beharko Crespo astegunetan; egunez eta asteburuetan aske izango da.

Hirugarren gradua lehenengoz 2021eko urrian lortu zuen Crespok Duesoko espetxeko Tratamendu Batzordeak eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hala erabakita —Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia jaso baino lehen—. Erabaki horren ondorioz, El Duesotik (Kantabria) Basauriko espetxera lekualdatu zuten Crespo. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak errekurtsoa jarri ondoren, hirugarren gradua baliogatu zion 2022ko otsailean eta berriro sartu behar izan zuen espetxean. Bi hilabete ondoren, apirilaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hirugarren graduan sailkatu du galdakoztarra.

“Leku batetik bestera dabil Jon, eta lana bilatzen ari da”, dio Crespok. Lehenengoz hirugarren gradua eskuratu zuenean, lanean izan zen Jon Galdakaon, Udalak gizarteratzera bideratutako lanpostu batean: “Urritik otsailera bitartean lan egin zuen, baina kontratu hori maiatzera arte zuen indarrean. Orain beste lan bat bilatzen ari da”.

Herritarren babesa

Cresporen senideek eta lagunek galdakoztarra berriro hirugarren graduan uzteko eskatzeko sinadurak biltzeari ekin zioten. Gainera, Galdakaoko udalbatzak Jon Crespori hirugarren gradua berrezartzeko eta herrira itzultzea eskatzeko mozioa onartu zuen martxoko osoko bilkuran, EH Bilduren, EAJren, Usansolo Herriaren eta Podemosen aldeko botoekin, Auzoaken eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioarekin eta PSEren kontrako botoekin. “Galdakaoren eta galdakoztarren babesa izugarria izan da. ‘Jon Etxera’ plataforma sortu zuten hainbat herrikidek eta sinadurak jaso genituen elkarte eta erakundeetan. Halaber, Jon Galdakaora itzultzeko eta bizitza normala egin dezan eskatzeko Udalak mozio bat onartu zuen martxoan”, dio Crespok. Jonen gradu-progresioa eskatzeko sinadura bilketa dela, Antonio Crespo elkarrizketatu genuen martxoan GEURIAn.

Iazko abuztuan zigorraren hiru laurdenak bete zituen Crespok. 2002an sartu zuten kartzelan eta 25 urteko zigorra betetzen ari da. Espetxe legedia eta erantzukizun zibila onartu zituen, eta biktimen mina arintzeko nahia adierazi zuen idazki baten bitartez, indarkeria erabiltzeari uko eginez eta jarduera armatutik aldenduz. Valdemoro, Topas, Murtzia, El Dueso eta Basauriko espetxeetan izan da Crespo.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak