→Galdakao

Jonu: “Itxialdiak, sortzera baino, bestelako hausnarketak egitera bultzatu nau”

‘Leihotik begira’ bakarkako diskoa argitaratu du Jonu kantautoreak. Martxoan aurkezpen kontzertua du Destuko Berbaizu Euskara Taldearen lokalean.

Duela hilabete batzuk ‘Leihotik begira’ bakarkako diskoa argitaratu du Jonuk, iazko itxialdian sukaldatutakoa // Geuria

Gitarra lagun du Jon Ugutz Ezkurdia (Deustua, 1972) galdakoztarrak. Txikitatik beti izan du gogoko abestea eta GEURIAri adierazi dionez, ez du ulertzen bizitza musikarik gabe. Galdakaoko Koiu musika taldearekin ezagutu genuen eta orain Jonu kantautorea bezala aurkezten ari da bere burua. Duela hilabete batzuk ‘Leihotik begira’ bakarkako diskoa argitaratu du, iazko itxialdian sukaldatutakoa. Orokorrean, inguruko gertakariei buruz abesten du Jonuk: ingurugiroari buruzko gaiak, sozialak, barneko ezinegonak edota politikoak, “beti ere nire ikuspuntutik idatziak eta bizitzari loturik daudenak”, dio. Duela 22 urte hasi zen gitarra lagun lehen urratsak ematen, eta taberna, gaztetxe, jai, herri bazkari eta afarietan abesten ibili da. Hilabete honetan, martxoaren 24an, kontzertua emango du Destuko Berbaizu euskara taldearen lokalean.

Noiz hasi zinen musika munduan?
Txikitatik beti izan dut gogoko abestea. Musika niretzat ezinbestekoa da eta ez dut ulertzen bizitza  musika barik.

Jonu kantautorea bezala ari zara zure burua orain aurkezten. Bakarlari bezala disko berria atera duzu: ‘Leihotik begira’ (2021).
Bai. Egia da itxialdian denbora luzez ibili nintzela buruari bueltaka gitarra lagun nuelarik ideiak ateratzen. Hori horrela, barrura begiratuz, diska berezia grabatzea erabaki nuen. Diska honetan, “leihotik begira” gai ezberdinei buruz egindako barne hausnarketak aurkituko dituzue, hala nola, bizitza, mintzoa, patuaren bidea eta abar. Abestiak lasaiak baina erritmodunak dira.

Iazko itxialdian sortutakoa da hortaz ‘Leihotik begira’.
Hala da, bai. Eta jakina, hortik dator diskoaren izena. Leihotik begira norbanakoen bizimoduan benetako arazoak zeintzuk diren ikusi ahal izan ditut, hau da, ez garela hain desberdinak eta bizitzan denok daukaguzala antzeko ardurak.

Esango zenuke konfinamenduak sortzeko aukera gehiago eman dizula?
Ez nuke hori esango. Nire ustez, konfinamenduak bestelako hausnarketa batzuk egitera bultzatu nau. Egia da denbora gehiago izan dudala beste egoera batzuetan baino, baina, horrek ez du esan nahi sormena areagotu zaidanik.

Zer eskaintzen duzu bakarlari bezala eta zer eskaintzen duzu Koiurekin?
Bi proiektu ezberdinak badira ere, bat egiten dute nigan. Aurreko baten esan nuen bezala, Koiun nire alde basatia ateratzen dut eta bakarlari gisa, aldiz, nire barneko aldea. Bakarlari gisa, nahiz eta hain ezaguna ez izan, hainbat diska grabatu eta kontzertu eman izan ditut baina ez dute behar besteko ikusgarritasunik izan.

Aktibo egoten jarraituko al du Koiuk?
Bai. Koiun egitasmo berria prestatzen ari gara eta laster gure berri izango duzue.

‘Etxeko Plaza’ zikloa sortu du Galdakaoko Udalak herriko musikariak ikusarazteko. Zer uste duzu horrelako ekimen inguruan? Benetan helburuak betetzen dituzte, leihoak zabaltzen dituzte?
Oso garrantzitsua dela uste dut. Bada garaia, horrelako ekimenak egin eta gure herriko musikariei ikusgarritasuna emateko. Gaur egun, kultura ulertzen den moduan, normalean, ez zaie horrelako egitasmoei garrantzirik ematen eta musika taldeek egiten duten lana bigarren maila batean geratzen da. Honelako ekimenak sarriago egin beharko lirateke, jendeak herrian bertan dagoen aberastasun kulturalaz gozatzeko aukera izan dezan. 

Galdakaon, esaterako, ba al dago entsegu lokalik?
Ez, ez dago. Aspaldidanik herrian musikan aritzen garenon eskaria da. Ez dago udal entsegu lokalik. Dauden lokalak, pribatuak dira, eta ordaindu behar ditugu. Galdakaoko Udalean aurretik agintean egon zirenek ez zioten beharrezkoa dugun eskari horri kasurik egin. Hala ere, badugu itxaropena egungo udal gobernuak, asmo horri heldu eta udal entsegu lokalak martxan jartzea.

Zer da zuretzat musika? Zer adierazi nahi duzu zure musikarekin?
Musika barneko sentimenduak eta ideiak adierazteko modua da. Ez dut ulertzen bizitza musika barik. Nire abestietan, inguruan geratzen diren gertakariei buruz hitz egiten dut gitarra lagun dudalarik.

Musikaria izateaz gain, Urbi institutuko (Basauri) irakaslea ere bazara. Zelan ikusten duzu gaur egun hezkuntza sistema eta gazteek zelan erantzuten diote hezkuntza sistema horri?
Gaur egungo sistemak porrot egin duela uste dut. Ez diegu ikasleek behar duten benetako beharrei erantzuten eta irakasleok ez dakigu nondik jo egoera honen aurrean. Benetako aldaketa ezinbestekoa da eta hau hezkuntza sisteman parte hartzen dugun guztion artean egin beharko dugu: guraso, irakasle eta ikasleak bat eginez. Gazteak guztiz desmotibaturik ikusten ditut eta haiek ere noraezean dabiltzala uste dut. Hala ere, badira taldeak lanean dihardutenak lan polita eginez.

Zehazki, euskara irakaslea zara.
Euskara eskola hizkuntza bihurtu dela uste dut. Gazteengan erabilera gero eta urriagoa da eta hau gizartearen isla baino ez da. Gazteek kontzientziatu beharko lirateke barnean duten altxorraz eta euskara haien izatearen parte dela. Zoritxarrez, AEKk aspaldian kanpaina baten leloa datorkit burura “Vasco asko, euskaldun gutxi”. Hor dago koska!

Etorkizun laburrean, ertainean, luzean, kontzerturik baduzu programatuta?
Bai. Martxoaren 24an Destuko Berbaizu Euskara Taldearen lokalean kontzertua emango du 20:00etatik aurrera. Oraindik, pandemiaren erruz, data batzuk zehaztu gabe dauden arren, aurkezpen kontzertu gehiago egitea pentsatuta daukat. Kontzertuen informazioa guztia Facebooken ‘Jonu kantautorea’ orrialdean aurkituko duzue. Horrez gain, webgune bat ere badaukat eta bertan zer egiten dudan ikusi eta entzun dezakezue.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak