→Galdakao

Jone Ibañez galdakoztarrak ere ez du Athleticen jarraituko datorren denboraldian

Bederatzi urte egin ditu Jone Ibañez galdakoztarrak talde zuri-gorrian // Athletic Club

Jone Ibañez Mazo galdakoztarrak (Galdakao, 1997) ekainaren 30ean amaituko du Athleticekin duen kontratua, eta talde zuri-gorriak jakitera eman duenez, ez du jarraituko. Erdilari galdakoztarra 2012-2013 denboraldian iritsi zen Lezamara, aurretik Lanbide (2005-2011) eta Galdakao (2011-2012) taldeetan jokatu ondoren. “Zelai erdiko jokalari langilea, markan irmoa eta lehiarako sen handikoa” bezala definitzen dute talde zuri-gorritik.

Athleticeko bigarren taldean jokatu zuen aurrena, eta 2015eko apirilaren 25ean egin zuen debuta lehen taldearekin, Paternan, oraindik bigarren taldeko jokalaria zenean. Partidu horretan ere debuta egin zuen bere herrikidea den Marta Pereak (datorren denboraldian ere ez du Athleticen jarraituko Pereak).

Ibañezek 86 partida batu ditu guztira, ligako 81 norgehiagokatan eta Erreginaren Kopako bost partidatan banatuta, eta bi gol sartu ditu lehen taldearekin lehiatu den sei denboraldietan. Bukatu berri den denboraldian 23 partidu jokatu ditu Galdakaokoak. Azken urteetan bi lesio larri izan ditu Ibañezek, azkena 2019ko urrian, ebakuntza gelatik pasatzera behartu zuena eta hortaz, aurreko urte osoan ia ezin izan zuen txapelketan parte hartu. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Joneri etapa honetan erakutsitako konpromisoagatik eta dedikazioagatik, eta onena opa dio bere etorkizun pertsonalean eta kirolean”, diote Athleticetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak