Juan Bautista Uriarte kalean trafikoa arintzeko esku hartuko du Galdakaoko Udalak. Hain zuzen ere, Juan Bautista Uriarte kaleko 33. zenbakiko geralekua lekuz aldatuko dute, 7. zenbakikoa kendu egingo dute eta 27. zenbakian geraleku bakar batean batzea erabaki du Udalak Aldundiaren oniritziarekin. “Juan Bautista Uriarteko 33. zenbakian dagoen markesina geraleku bateratura eramango da”, diote udal ordezkariek: “Bilborako norabidean, Juan Bautista Uriarte 27 izango dute geltoki autobusek datorren astetik aurrera”. Gehiegizko geldialdiak saihestu eta trafikoa arintzea eragingo du jarduketa horrek.
Maiatzaren 17an egongo da erabilgarri autobus geraleku berria Juan Bautista Uriarte kaleko 27. zenbakian. “Markesina aldaketa, seinale eta margotzeen egokitzapenak pixkanaka egingo ditugu”, zehaztu dute Udaletik.
Hirutik bi geralekura
Gaur egun hiru geraleku daude Juan Bautista Uriarte kalean Bilborako noranzkoan, eta bi Plazakoetxetik Zabalganerako bidean. Esku-hartze horrekin bina geraleku izango dira norabide bakoitzean: Juan Bautista Uriarte 49 eta 27 Bilborako noranzkoan eta Juan Bautista Uriarte 24 eta 50 Zabalganerako noranzkoan.
“Autobusen Bilborako noranzkoan ere nahikoa dira bi geltoki, kontrako norabidean bezala. Bizkaiko Foru Aldundiari hausnarketaren berri eman genion, eta Bizkaibusen geralekuak berrantolatzeko proposamena egin ondoren, eskaera egokia iruditu zaio Aldundiari”, diote udal ordezkariek.
