→Galdakao

Galdakaon kalean ziren ehun bat herritar sakabanatzeko Ertzaintzaren karga “neurrigabeak” salatu dituzte lekukoek

Ertzaintzako agenteak Iturrondo inguruetan // Argazkia: Utzitakoa

Bart Galdakaon kalean ziren ehun bat herritar sakabanatzeko Ertzaintzaren karga “neurrigabeak” salatu dituzte lekukoek. Pandemia aurretiko egoera batean atzo hasi beharko ziratekeen Santakurtzak, eta tabernak itxi osteko lagun taldeak sakabanatzeko Ertzaintzak esku hartu zuen. Gertaerak 01:30ak aldera jazo ziren Somera (Gipuzkoa kalea), Iturrondo eta Muguru inguruetan. “Someran ginen eta tabernak itxi eta gutxira Ertzaintza etorri zen. Lekua desalojatu ezean kargatuko zutela esan zuten. Eta horrela egin zuten. Karga neurrigabeak izan ziren”, adierazi dio GEURIAri lekuko batek. Sei furgoi, “edo gehiago”, bertaratu zirela diote.

Kalean zeuden asko Iturrondora joan ziren ondoren. “Someratik jendea Iturrondora joan zen eta bertara ere joan ziren ertzainak. Orduan dispertsatu ziren herritarrak. Batzuk Muguru aldera jo zuten”, diote. Muguru kale inguruetan herritar batzuek bi edukiontzi erre zituztela ere adierazi dute. Beste hedabide batek argitaratu duen albiste batean adierazi dute Ertzaintzaren kontra botilak jaurti zituztela, eta lekuko batek adierazi du, horrelakorik ez zuela ikusi: “Someran behintzat ez zen horrelakorik gertatu. Baliteke Mugurun hori gertatu izana, baina nik ez dut ikusi”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak