→Galdakao

150 metro karratuko kalistenia gunea eraikiko dute Galdakaon, Plazakoetxen

Galdakaoko kalistenia parkeko obrak datorren astean, abuztuko lehen astean hasiko dituzte, eta erabilgarri egongo da irailean. 

Galdakaoko kalistenia gunea erabilgarri egongo da irailean // Argazkia: Geuria (Arrigorriagako kalistenia gunea)

Kalistenia gune bat eraikiko du Galdakaoko Udalak. Entrenamendu fisikoko sistema hau, nagusiki, gorputzaren pisuaz baliatzen da, karga edo erresistentzia gehigarririk behar izan gabe, eta Street workout edo Parkour mugimenduan oinarritua dago. Plazakoetxen eraikiko dute kalistenia parkea, babeslekuaren ondoan, eta 150 metro karratuko azalera izango du.

Obrak datorren astean, abuztuko lehen astean hasiko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, hilabete amaierarako zirkuituaren instalazioa eta lurzoruaren zoladura amaituta egongo da. Hala ere, udal arduradunek adierazi dutenez, kalistenia parkea erabilgarri egongo da irailean, “lehen eta bigarren asteen artean”. 

“Aire zabaleko ekipamendu honen bitartez, hainbat gaitasun landu eta hobetu ahal izango dira, hala nola, koordinazioa, oreka, indarra, trebetasuna, arintasuna, malgutasuna, potentzia eta erresistentzia muskularra“, diote udal ordezkariek.

13 gune

Kirol instalazio hau 140 zentimetrotik gorako garaiera duten gazte eta helduentzat gomendatuta dago eta hainbat entrenamendu mota egiteko 13 gune izango ditu, erabiltzaileei askotariko ariketak egiteko funtsezko elementuak eskainiz: handstand, push ups, squats, dips, l sit, lever, flag, leg raises, pull ups, abs, open pull ups, rope climb.

Hego Uribe eskualdean hainbat kalistenia parke daude dagoeneko: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin eta Ugaon, eta laster Galdakaok ere izango du horrelako parke bat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak