→Galdakao

Kaserna talde galdakoztarrak bere lehen diskoaren aurreneko bideoklipa kaleratu du: ‘Irailak 11’

Martxoaren 17an ‘Gelditu Da Denbora’ lehen diskoa kaleratuko du Kaserna taldeak. Aurrerapen gisa, gaur lehen bideoklipa publikatu dute: ‘Irailak 11’.

martxoaren 17an 'Gelditu Da Denbora' lehen diskoa kaleratuko du Kaserna taldeak // Taupaka Elkartea

Musika talde berri bat sortu da Hego Uribe eskualdean: Kaserna. Iaz eratu zuten taldea, Mr Pongo proiektuaren errautsetatik jaioa. Markel Fuentes (ahotsa), Iker Arana (gitarra), Urtzi Moreno (baxua), Beñat Armentia (teklatua), KimoSoundz (DJ), Mikel Fernandez (saxoa) eta Bittor Meabe (bateria) kideek osatzen dute Kaserna eta martxoaren 17an ‘Gelditu Da Denbora’ euren lehen diskoa kaleratuko dute, Taupaka Elkartearen bitartez. Eurek diotenez, “rock eta hip-hopaz bustitako lana da, reggae, funk edo elektronika tantatxoekin zipriztinduz”.

Diskoaren aurrerapen gisa, gaur, martxoak 10, lehen bideoklipa publikatu dute: ‘Irailak 11’. “Kostako Vibes eta Tiro Pun Ekoizpenak izan dira bideoaren ekoizleak, Bermeon haien kaserna generala kokatuta daukaten musikagile eta bideogile trebe eta nekaezinak. Ikusentzunezko lan honetan ederto jakin dute barnebiltzen gaiak eta soinuak eskatzen zuten krudelteasuna eta baita taldekideok berezko dugun umorea”, diote Kasernako kideek. Bideoklipa urtarrilean grabatu dute Ollargan auzoan, Abusun.

“Taldekideen pixkanako berritzearekin emondako garapen musikal eta lirikoa dira proiektu honen sorrera hauspotu dituzten arrazoi nagusiak. Honekin, formazio berriak hip-hop eta funk-etik gertuko erritmoak bereganatu ditu, betiere rock sustraia ardatz hartuta. Proposatutako fusio dantzagarri eta energikoa letra kritiko eta aldarrikatzaileekin janzten dute, oholtza gainean grina eta indarra isladatuz momentu oro. Nagusiki euskeraz eta gazteleraz garatutako hitzetan erreferentzia historiko eta kulturalak nabarmenak dira, sakontasun teorikoa inprimatuz kontatutakoan”, diote Taupaka Elkartetik: “Taldearen izenak berak adierazten duen moduan, proiektuak bizitzan ematen diren dikotomietaz hausnartu nahi du: errepresio, isolamendua, biolentzia vs maitasuna, babesa, komunidadea…”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak