→Galdakao

Kaserna talde galdakoztarrak Ahotsenean joko du, Durangoko Azokan

abenduaren 4an emango du kontzertua Kasernak Durangoko Plateruenan // Kaserna

Durangoko Azokak ateak irekiko ditu abenduaren 4tik 8ra. Aurreko edizioetan bezala gune desberdinak izango ditu Durangoko Azokak, tartean, Ahotsenea. Aurten Ahotseneak 50 kontzertu eskainiko ditu eta besteak beste, Kaserna talde galdakoztarrak ‘Gelditu da denbora’ diskoa aurkeztuko du abenduaren 4an, larunbatez. Kasernaren emanaldia 15:40etik 16:10era izango da Plateruenan. Talde galdakoztarraren emanaldia ikusteko sarrera doakoa da, baina egongo neurriak direla eta, lekua erreserbatu behar da Durangoko Azokaren webgunearen bitartez.

Iaz eratu zuten Kaserna taldea Galdakaon, Mr Pongo proiektuaren errautsetatik jaioa. Martxoaren 17an kaleratu zuten euren lehen diskoa, ‘Gelditu Da Denbora’, Taupaka Elkartearen bitartez.

Bestetik, Ahotsenean kontzertua emango dute, besteak beste, Eneritz Furyakek eta Addar taldeak. Hego Uribe eskualdeakoak izan ez arren, Rockein lehiaketan parte hartu zuten. Eneritz Furyakek Kasernarat taldearekin parte hartu zuen 2013an (Rockeinen lehen edizioan) eta Addar taldeak 2020an. Euskarazko talderik onenaren saria eskuratu zuten bi taldeek.

Gaizka Chamizo ere, Durangoko Azokan

Arte eszenikoekin lotutako gunea izango da aurten ere Durangoko Azokan: Szenatokia. Egunero, abenduaren 4tik 8ra bitartean, antzerkia, dantza eta poesiarekin lotutako ikuskizun bat egongo da San Agustin kulturgunean. Szenatokia gunean ere galdakoztar bat ikusteko aukera izango dugu: Gaizka Chamizo, alegia. Galder Perezek zuzendutako ‘Lurrun minez’ lanean Chamizo oholtza gainean ikusiko dugu, Pelayo Serranorekin eta Jon Koldo Vázquezekin batera. ‘Lurrun minez’ antzezlana abenduaren 7an izango da San Agustin kulturgunean 19:00etatik 20:10era. Kasu honetan ez da sarrerarik erreserbatu beharko.

Baita Kokoak ere

Eider Eibar ilustratzaileak —Galdakaon bizi da— kokoak.eus webgunea aurkeztuko du Durangoko Azokan. Abenduaren 5ean, igandez, izango da aurkezpena Sagugangara gunean, Elkartegian, 18:00etatik 18:30era. Jadanik martxan dauden joko eta marrazkiak eta esku-artean dituen pare bat atal berri aurkeztuko ditu Eibarrek Durangon. Josu Cobelok zuzeneko musika jarriko dio aurkezpenari. Kasu honetan ez da sarrerarik erreserbatu beharko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak