→Galdakao

Koldo Bartolomé: “Polinak ezin izan du Ukrainatik atera; Txernobylen korridore humanitarioa da gure itxaropena”

Txernobyletik gertu bizi da Polina, Galdakaora udaro datorren 12 urteko neskatila. Ukrainan jarraitzen du gaur egun, gerratik ihes egin ezinik. Koldo Bartolomé bere harrerako aitarekin hitz egin dugu

Errusia eta Ukraina arteko gerra oso presente dago gaur egun gizartean. Gatazka luzea da, 2014an hasitakoa, baina 2022ra arte ez dugu gerraren berririk modu zuzenean eta jarraituan izan. Otsailaren 24an aurretik gerra deklaraziorik egin gabe Errusiak Ukraina inbaditu zuen. Milioika errefuxiatu utzi ditu azken inbasio eta gerra honek —gehienak emakumeak eta adingabeak—: askok beste herrialde batzuetara ihes egitea lortu dute, baina beste hainbatek ez dute lortu. Ihes egin ezinik gelditu dira Ukrainan. Polina 12 urteko neskatoaren kasua da hori: Txernobyleko zentral nuklearreko baztertze-eremutik gertu bizi da eta errusiarrek lehenengo egunetan hartu zuten ingurua. Poloniako muga oso urrun dute, 600 kilometro baino gehiagotara, eta Bielorrusia gertu duten arren, ez da aukerarik onena. Chernobil Elkartearen bitartez Galdakaora etortzen hasi zen Polina duela sei urte. Koldo Bartolomé (Bilbo, 1978) Polinaren harrerako aita da, eta hilabete baino gehiago da ez dutela bere berririk (eguneraketa elkarrizketaren amaiera). Gerra honetaz, Polinaz, Chernobil Elkarteaz eta duten esperantzaz hitz egin dugu Koldorekin GEURIAn.

Chernobil Elkarteko kidea zaitugu Koldo.
Emazteak eta biok ez genuen eta ez dugu seme-alabarik. Orduan, haurrak hartzeko programaren batean parte hartzeko interesa piztu zitzaigun. Interneten begiratu besterik ez genuen egin: sahararren elkartea kontsultatu genuen eta Chernobil Elkartea ere topatu genuen. Azken programa hori zertan zen galdetu genuen, gustatu zitzaigun eta duela sei urtetik hona Txernobyldik Polina ekartzen hasi ginen.

Kontaidazu Polinari buruz.
Polinak 12 urte ditu orain. Gurekin 6 urterekin hasi zen etortzen eta lehenengo udan gurekin zegoela 7 urte bete zituen uztailean. Ordutik uda guztietan etorri da Galdakaora, pandemia urteetan izan ezik. Duela bi urtetik hona ezin izan da etorri. Iazko Gabonetan Chernobil Elkarteak programa berritu ahal izan zuen eta udetan etorri ohi diren asko etorri ziren gurera, baina Polinaren kasuan ezin izan genuen. Aurten Polina eta bere ahizpetako bat gurera, Galdakaora, etortzekoak ziren. Hiru ahizpa dira: Polina, Nasthia eta Sofia.

Polina Koldorekin // Geuria

Baina Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak kolokan jarri du aukera hori. Nola bizi duzue pertsonalki gerra hau?
Bada, gaizki, ez dugulako haiei buruzko informazio zehatzik. Elkarteak egunero ematen digu han gertatzen denaren berri, baina guk duela hilabete baino gehiagotik ez dugula berarekin zuzenean hitz egin. Hau da, gerra hasi baino lehenagotik. Gerran zehar oso informazio puntuala izan dugu Polinaren lehengusu baten bidez. Lehengusu hori, hasiera batean, haiekin zegoen aterpetxe batean, eta Barakaldoko beste familia batekin komunikatzen zen. Haien bitartez genuen haien berri, baina gerra oso gaizki ari gara bizitzen, ez dakigulako zer gertatzen ari den, eta kasu guztietan, okerrenaren beldur gara. Badakigu hango egoera, gerrarik gabe ere, ez dela erosoa. Orduan, gerra batekin zer izan daitekeen imajinatzen dugu, eta, egia esan, ez gaude lasai.

Polinak eta bere familiak Ukrainan jarraitzen dute.
Hala da. Polinak eta bere senideek ezin izan dute Ukrainatik atera. Polina Txernobylgo zentral nuklearreko baztertze-eremutik gertu bizi da. Txernobylgo hondamendiaren ondoren, bazterketa-eremu bat egin zen gai nuklearraren eraginagatik, eta Polina, bere ahizpak eta euren ama zentral nuklearretik 50-70 kilometro ingurura bizi dira. Herriak Termakhivka du izena. Kontua da herri hau Kiev eta Bielorrusia lotzen dituen errepidean dagoela, eta bertatik sartu direla tropa errusiar guztiak. Dakigun azken gauza da bai Polinak eta bai bere familiak —bi ahizpak eta ama— beren herrian bizi ziren babesleku batetik iparralderago dagoen beste herri batera joan behar izan dutela. Oinez, gainera. Inguru berean daude gutxi gorabehera, baina komunikazio-bide horretatik kanpo, errusiarrek asko erabiltzen baitute eta, nire ustez, segurtasun falta handiagoa ematen baitie.

Hilabete baino gehiago daramazue Polinarekin komunikatu gabe. Ordura arte nolakoa zen komunikazioa berarekin?
Ordura arte, komunikazioa normala zen, kontuan hartuta gerra hau ez dela orain hasi. Errusia-Ukraina gatazka honek denbora asko darama: 2014tik ezkutuko gerra bat dago —edo ez behintzat oraingoa bezain ezaguna, baina Krimeatik eta beste herrietatik gertatzen ari dena—. Polinarekin ez dugu gatazka horri buruz hitz egiten, noski; berarekin hitz egiteko aukera izan dugunean beste gauza batzuei buruz hitz egin dugu, hala nola, urtea zer moduz doan, ikastetxean zelan dabilen, zer moduz dagoen han… gauza normalak, alegia.

Badakizu Polinaren senideek borrokara joan behar izan duten?
Amak bikote berria du. Ez da Polinaren aita. Badakigu babeslekua aldatu egin behar izan dutela, izan ere, jaso genuen azken berrien arabera amaren bikotea zauritu egin zutelako. Nolabait gerran parte hartu duela ulertzen dugu, baina badakigu zibilak armatuak izan direla ere. Egia esan, ez daukagu informazio gehiagorik. Jakin badakigu, ordea, amaren bikotekidea zaurituta zegoelako aldatu dituztela babeslekua.

Uste duzue badutela Ukrainatik ihes egiteko aukerarik?
Laguntzarik gabe herrialdetik ateratzea ezinezkoa dutela esango nuke. Errusiarrek hasieratik okupatu duten eremu horretatik ihes egitea ez da posible, kontuan hartuta baliabiderik ez dutela. Itxaropen bakarra da korridore humanitario bat prestatzea, fidagarria izatea eta hango jendea segurtasunez ateratzea. Korridore hori egitea gure itxaropena da, Chernobil Elkartearen itxaropena eta elkarte honetako kide garen familia guztien itxaropena. Horregatik ari da elkartea borrokan, eta hori da euskal administrazioari eta estatuko administrazioari eskatu zaiena. Hori litzateke irtenbidea, inguru horretan bizi den jendeak, gerrarik gabe ere, bizitza konplikatua duelako. Baliabideak oso mugatuak dira, eta gerra batean are gehiago. Orduan, zoritxarrez, uste dut ez dagoela beste itxaropenik, handik ateratzeko gaitutako korridore humanitarioa baino.

Chernobil Elkarteko gainerako familiak zuen egoera berean egongo dira.
Bai. Chernobil Elkartearen bidez datozen adingabe guztiak aldez aurretik hautatuak izan diren adingabeak dira. Hautatuak esan nahi dut osasun-programa honetan parte hartzen duten adingabeek baldintza batzuk bete behar dituztelako: Txernobyldik gertu bizi behar dute edo ez dute baliabiderik izan behar beren kabuz herrialdetik irten ahal izateko. Orduan, gure elkartean parte hartzen duten guztiek betetzen dituzte baldintza horiek, eta, beraz, nik Polinari buruz esaten dizudanaren oso antzeko egoeretan daude. Batzuk hobeto egongo dira, beste batzuk okerrago, baina horietako inork ez du bere kabuz herrialdetik irteteko modurik.

Hainbat elkarte emakume eta adingabe errefuxiatu ukrainarrak ekartzen ari dira. Dagokizuen aldetik, nola bizi duzue elkartasun hori?
Alde batetik, pozgarria da ikustea euskal gizartea buru-belarri murgildu dela gatazka honetan. Egia esan, beti murgildu izan da, programa hau 25 urte baino gehiagotik dagoelako martxan, eta, beraz, nik uste dut ez dela gauza berria. Egia da, ordea, gerragatik jendea asko irauli dela. Nik espero dudana, baita elkarteak ere, laguntza hau ez hoztea da.

Bestalde, esan burua hotz eduki behar dela laguntzeko. Denok lagundu nahi dugu, baina batzuetan behar bezala pentsatu behar da jendea arriskuan jar lezakeen zerbait ez egiteko.

Elkarte bakoitzak gauza desberdinak egin ditu. Chernobil Elkarteak dirua biltzeko kontu bat irekitzea erabaki du. Guk boluntario-sare bat daukagu han, eta egingarriena ikusten dugu beharrak sortzen diren unean erantzun ahal izatea. Dagoeneko azpiegitura definituta dugunez, interesgarriena eta erosoena da baliabide ekonomikoak izatea, une bakoitzean behar dena egin ahal izateko. Baina badira beste elkarte batzuk —adibidez, Galdakaoko GBGE— modu kontrolatuan errefuxiatuak ekartzeko autobusak bidaltzen dituztela. Guk korridore humanitariorik gabe ezin dugu gehiago egin; gure umeak ezin izango dira Poloniako mugara bakarrik iritsi, eta guk ezin izango dugu haiek dauden tokiraino sartu; beraz, printzipioz, hori ez da irtenbidea guretzat.

Hain zuzen ere, esan didazu 600 kilometro baino gehiago daudela Txernobyldik Poloniara. Eta Bielorrusiako muga gertu duten arren, ez dela aukera bat.
Hala da. Oraintxe bertan Poloniako mugara joatea bideraezina da gure haur eta haien familientzat. Zoritxarrez, Bielorrusiako muga dute gertuen, baina iristen zaizkigun berrien arabera, haiek ez dute erabili nahi, ez delako mugarik seguruena, ezta fidagarriena ere. Seguruenik, Bielorrusiako mugatik ateratzen direnek ondorioak izango dituzte, azkenean Errusiak “hartuko” dituelako, eta beldur dira bizi diren eremuan jarraituko duten. Orduan hori ez da aukerarik onena, eta Poloniarena ezinezkoa da.

// Geuria

Eta kontuan izan behar da Ukrainako mugetan mafiak daudela.
Horrelako zorigaitz handiei etekina ateratzen saiatzen den jendea dago, eta egia esan, niri bururatzen zaidan hitza zera da: erabateko mespretxua. Ezin dut besterik esan. Hain zuzen ere, horregatik, badakigulako beti dagoela egoera hauetaz aprobetxatzen den jendea, elkarteak zera nahi du: berme guztiekin gure haurrak eta haien familiak ateratzea. Guretzat irtenbiderik onena da. Eta ezin bada, laguntza bidali behar bada ere, gu prest gaude, gure beharra baldin badute, edozein modutan erantzungo genuke.

Zer esango zenieke gerra honi dagokionez beste alde batera begiratzen duten pertsona horiei?
Egia esan, ez zait buruan sartzen gerra hau pairatzen ari diren pertsonekiko enpatia izatea edo laguntza ez ematea. Egia da konturatu naizela Ukrainako gerra honekiko beste modu batera erreakzionatu dugula. Gerra leku guztietan da gerra. Gerra honek nire emazteari eta niri zuzenean eragiten digu, han baitago gure alabatzat hartzen duguna, baina uste dut berdin eragin beharko liguketela ezkutuan dauden eta eguneko gai-zerrendan dauden gerra guztiek. Eta ez dakit zergatik ez diegun horiei kasu handirik egiten. Beno, badakit zergatik, baina uste dut hori dela gehiago landu beharko genukeena: enpatia hori, Ukrainako jendearekin eduki ahal izan dugun bezala, beste pertsona batzuekin ere eduki beharko genukeela, badakigulako horiek ere beren gerretatik datozela.

Hau izan da Koldorekin pasa den ostegunean (martxoak 17) izan genuen elkarrizketa. Publikatu aurretik edukia berari bidali eta berri onak eman dizkigu aste honetan (martxoak 21): Polinarekin hitz egitea lortu dute. “Nahi gabe dei bat egin genuen eta bat-batean Polinak telefonoa hartu zuen! Zelako poza berriro bera entzuteaz!”, adierazi digun Koldok: “Aitaordearekin daude. Zauritua izan zen gerran, baina orain hobeto dagoela esan digu Polinak”.

“Oso pozik gaude. Orain korridore humanitarioa aurrera ateratzearen esperantzara helduta bizi gara”, dio Koldok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak