→Galdakao

Beste sei mural margotu ditu Galdakaoko Arte Komunitateak herrian

Arantzelaiko eta Bengoetxeko tuneletan, Somera kaletik Santi Brouard plazara doan pasabidean, maiatzaren biko horman, Santi Brouard plazan, eta Maximo Moreno Musika Eskolan muralak margotu dituzte.

Langabezian zeuden 10 gazte kontratatu dituzte muralak margotzeko // Argazkia: Galdakao Komunitate Artea

Arantzelaiko eta Bengoetxeko tuneletan, Somera kaletik Santi Brouard plazara doan pasabidean, maiatzaren biko horman, Santi Brouard plazan, eta Maximo Moreno Musika Eskolan muralak margotu ditu Galdakaoko Arte Komunitateko lantaldeak. Margoketa lanak urte hasieran hasi zituzten eta sei hilabete ondoren bukatu dituzte.

Enplegu Planaren barruko ekimena da eta programa horren bidez lana bilatzeko zailtasun bereziak dituzten 10 gazte kontratatu ditu Udalak Behargintzaren bitartez, eta Lanbideren diru-laguntzari esker. Lanaldi osoan aritu dira urtarriletik ekainera bitartean, eta muralgileen lanbideari dagozkion beharrak ikasi eta egin dituzte. “Hasieran lanposturako prestakuntza jaso zuten, hala nola, trazadurak eta efektu bisualak lantzeko teknika espezifikoak, diseinu digitala (Photoshop eta Illustrator), lan orientazioa eta laneko arriskuen prebentzioa jorratuz. Gero muralak margotu dituzte Bada artistarekin batera”, diote udal ordezkariek. Ekimena Gaztaroa Sartu kooperatibak kudeatu du

“Oso balorazio ona” egin du Jose Luis Bernal Enplegurako zinegotziak: “Lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten gazteei formakuntza eskaintzen die eta bide berri bat zabaltzen die, eta, aldi berean, gazte horiek herria edertzen dute”. Ez da lehen aldia herriko muralak margotzeko gazteak kontratatzen dituztena. Aurtengoa hirugarren edizioa izan da: iaz bost gazte kontratatu zituen Udalak Galdakaoko eta Usansoloko sei gunetan muralak margotzeko (Lapurdi kalean, Bekeako tunelean, Gorosibai inguruan, Galdakaoko Musika Eskolan eta suhiltzaileen egoitza zenaren inguruko horman) eta 2019an beste bost (Errekalde bidean, Zubiaurretaren kalean eta Urreta parkeko haurrentzako eremuan).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak