→Galdakao

“Sektorea oso kaltetuta dago eta ‘Kultur Plaza’ guretzat gakoa izan da”

Hilabete hasieran jarri zuen martxan ‘Kultur Plaza’ ekimena Galdakaoko Udalak. ‘Kultura segurua’ da lemapean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hala nola, kirola, hitzaldiak, musika, antzerkia, zirkoa, masterclassak, sormena, magia, bertsolaritza eta zientzia. Guztira doako 35 ikuskizun programatu dituzte Kurtzeako frontoian, Iturrondo plazan, Ardanza parkean, Kurtzeko plazan, Torrezabal Kultur Etxean, eta azken astean, Urreta ikastetxeko jolastokian.

“Hasiera batean beldurra izan genuen, baina jendearen harrera oso ona izan da. Kulturaren alde egin dugun apustua guretzat gakoa izan da. Sektore nahiko kaltetua izan da kulturarena, eta uste izan dugu eman behar geniola behar zuen garrantzia”, dio Aiora Azagirre Galdakaoko Udaleko kultura teknikariak: “Irailean zehar egin ditugun ekintzak oso anitzak izan dira, kolektibo ezberdinentzako, denentzako, pentsatuak, bai umeentzako, gazteentzako, zein nagusientzako. Egia da hasieran kostatu zela jendea erakartzea, baina azkenean, herritarrak oso eskertuta azaldu dira. Harrera oso ona izan du ekimenak”.

“Kultur Plaza ekimenak harrera oso ona izan du eta jendea oso eskertuta azaldu da”

Lehenengo asteetan eguraldia lagun izan du ekimenak, eta programatutako ekintzak Ardanza parkean edota Iturrondo plazan egin ahal izan zituzten: “Oso ekintza politak atera dira, oso espazio politetan, baina azken aste honetan, Euskadi Tropikala ez daukagunez, eguraldiak ez digu lagundu eta ikuskizunak lekuz aldatu behar izan ditugu”, dio Azagirrek. Hain zuzen ere, Urreta ikastetxeko jolastoki estalian egin behar izan dituzte azken ikuskizunak. “Agian Urretara beti kostatzen da jende gehiago erakartzea, baina umeek eta familiek oso harrera ona izan dute”, dio Azagirrek.

Segurtasun-neurri guztiekin

“Guretzako garrantzitsua zen segurtasun-neurrien inguruan ondo pentsatzea zelan egin, eta kontutan hartzea espazioak. Horretarako, akotatu ditugu espazio guztiak, gero aulkietan eserita ipini dugu publikoa, segurtasun-distantzia errespetatuz, eskuak garbitzeko derrigortasuna ezarri dugu espazio horietara sartzen zen guztiei, eta noski, musukoa eramatea ere derrigorrezkoa izan da sei urtetik gorakoentzat, kendu ezinekoa”, dio Azagirrek. Era berean, sarrerak eta irteerak kontrolatu dituzte eta modu mailakatuan sartu eta irten da publikoa.

Halaber, ikuskizun eta ikuskizun artean eremua eta aulkiak desinfektatu dituzte eta “leku izendatuak” ezarri dituzte: “Hau da, zetorren pertsonari edo taldeari esaten genion non eseri. Horretarako herriko elkarte ezberdinen laguntza izan dugu”, dio Azagirrek.

Datorren astean emango diote amaiera ‘Kultur Plaza’ri bi ibilbide historikorekin: bata ‘Tximelarre, kategoria duen auzoa’, eta bestea ‘Elexaldeko Andra Mari, Erdi Aroko artearen harribitxia’. Irailaren 29an eta 30ean bina ibilbideak egingo dituzte Jesus Muñiz Petralanda arte historialari galdakoztarraren eskutik.

Kantu Kolore eta Jontxu Martinez Torrezabaleko oholtzara igoko dira datozen hilabeteotan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak