→Galdakao

Film laburren lehiaketa antolatuko dute berriro irailean Galdakaon

Iazko eten behartuaren ondoren, irailaren 13an izango da Galdakaoko VI. Laburmetrai Festibala. Lanak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 11ra arte.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 11ra arte // Argazkia: Donovan Silva, Unsplash

Galdakaoko Laburmetrai Festibala bueltan da. Iaz, Covid-19ak behartuta ezin izan zuten lehiaketa antolatu, baina aurten ekimena aurrera eramatea erabaki dute “modu autonomadan” dabiltzan herriko zenbait elkartek, kolektibok eta norbakanok.

Aurten, iaz bezala, ez da Santakurtze jairik egongo, baina horien ordez Kultur Plaza antolatuko du Udalak, eta programazio horren barruan izango da Galdakaoko VI. Laburmetrai Festibala. Hain zuzen ere, irailaren 13an, astelehenez, izango da jaialdia 21:00etan. Lehiaketara aurkeztuko diren film laburrak proiektatuko dituzte eta ondoren sari banaketa egingo dute. “Aurten ere sari bikainak banatuko doguz irabazleen artean”, diote antolatzaileek. Lehiaketara aurkezteko epea zabalik dago irailaren 11ra arte. Interesdunek kortofestibala@gmail.com helbidera bidali behar dituzte euren lanak.

Sariei dagokienez, honakoak banatuko dituzte:
– Publikoaren saria film labur gustokoenari: Urdaibaitik itsas bidaia Hegaluze itsasontziarekin, 10 pertsonentzako (Gaztelugatxe ibilbidea)
– Epaimahaiaren saria film labur onenari: Antzerki-inprobisazio ikastaro trinkoa, 5-6 pertsonentzako
– Antzezpen onena, epaimahaiak erabakita: Elkarlaguntza Sareak ekoiztutako produktuen otzara

Galdakaoko film laburren lehiaketan parte hartzeko oinarri eta irizpide hauek ezarri dituzte antolatzaileek:
– Iraupena: gehienez 5 minutu
– MP4 formatuan
– Gaia eta hizkuntza libreak
– Lanak kortofestibala@gmail.com helbidera bidali, Wetransfer, Dropbox edota Google Drive bidez
– Epea: irailaren 11a
– Epaimahaia: antzerkigintzako, eta arte, letra eta informazio arloetako hiru adituk osatuko dute epaimahaia
– Ez dira onartuko jokabide autoritario, sexista, arrazista, faxista edota homofobikorik zein transfoborik
– Lehiaketa amateurra da, ez dira laburmetrai profesionalak onartuko
– Gehiegizko iraupena penalizatuko da
– Epaimahaiaren irizpide nagusia originaltasuna izango da, hala nola, argumentua, antzezpena eta maila teknikoa
– Lan batek ezingo du sari bat baino gehiago irabazi

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak