→Galdakao

Galdakaoko 60 urtetik gorako pertsonentzako laguntza psikologikoa eskainiko du Udalak

Covid-19 pandemiak Galdakaoko adinekoengan dituen ondorioei aurre egiteko banakako laguntza psikologikoa emateko Batera programa eskainiko du Udalak otsailetik ekainera bitartean.

Covid-19 pandemiak Galdakaoko adinekoengan dituen ondorioei aurre egiteko zerbitzua da // Argazkia: Georg Arthur Pflueger, Unsplash

Covid-19 pandemiak Galdakaoko adinekoengan dituen ondorioei aurre egiteko banakako laguntza psikologikoa emateko Batera programa eskainiko du Udalak otsailetik ekainera bitartean, Adinekoak Dinamizatzeko Zerbitzuaren bidez. Programa hau 60 urtetik gorako pertsona guztientzat dago zabalik -baldin eta Covid-19 pandemiaren ondorioengatik ondoeza edo arazoren bat agertzen badute- eta helburua da egoerak sor ditzakeen ondorio psikoemozionalei erantzutea.

Besteak beste, bakardadearen kudeaketa, emozioen kudeaketa, gizarte trebetasunak eta komunikazioa, aurre egiteko estrategiak, emozioak erregulatzeko estrategiak (erlaxazio teknikak, pentsamendu negatiboen kontrola), eta bizi ohitura osasungarriak (elikadura, loa, ariketa fisikoa) bezalako gaiak landuko dituzte zerbitzua jasoko dutenek. 45 eta 60 minutu arteko banakako saioak eskainiko dituzte (aurrez aurre, telefonoz edo bideo dei bidez ), arratsaldez eta aurretiaz adostutako ordutegian. Saio horietan arlo horretan esperientzia duen psikologiako profesional batek zerbitzuaren hartzaileak entzun, lagundu eta orientatuko ditu. Zerbitzua Osakidetzako osasun zerbitzuen eta Udaleko gizarte zerbitzuen laguntza izango du kasuak detektatzeko eta bideratzeko orduan. Interesdunek 944 010 545 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena (astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara) edo personasmayores@galdakao.net helbide elektronikora idatzita. 

“Azken aldian bizi izan ditugun salbuespenezko egoeren ondorioz, etxeko konfinamenduan zehar adineko zenbait pertsonak eta dinamizazio zerbitzuaren erabiltzaileek arreta eta laguntza psikologikoa behar zutela ikusi genuen”, diote udal ordezkariek: “Eta egungo neurriak konfinamendu garaian egon zirenekin alderatuta hain murriztaileak ez diren arren, egoerak ziurgabetasuna sortzen jarraitzen du, eta, testuinguru horretan, adinekoak dira pandemiaren aurrean ahulenak diren kolektiboetako bat”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

🟣 Martxoak 8 Basaurin! 💪 #Zuzenean
|