→Galdakao

Larrialdi klimatikoa dela eta elkarretaratzea deitu du Galdakaoko Udalak irailaren 27an

Larrialdi Klimatiko egoera uztailean deklaratu ondoren, Europa mailan antolatu dituzten protestekin bat egingo du Udalak irailaren 27an, ostiralez.

Europa mailan antolatu dituzten protestekin bat egingo du Udalak irailaren 27an // Argazkia: Galdakaoko Udala

Larrialdi Klimatiko egoera uztailean deklaratu ondoren, Europako zenbait herritan antolatu dituzten protestekin bat egingo du Udalak irailaren 27an, ostiralez. Ildo horretan, elkarretaratzea deitu dute hilaren 27an 12:00etatik 12:30era bitartean udaletxe aurrean. Galdakaoko udal gobernuak atxikimendua adierazi dio deialdiari eta lanuztea egitera deitu ditu langile guztiak: “Udal langileak zein herritarrak ordu erdiz udaletxe aurreko plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitzen ditugu”, diote.

Erakundeei neurri eraginkorrak berehala har ditzatela eskatzeko egin dute greba deialdia Europa mailan. “Guztion ardura da ingurumenaren suntsiketa geldiaraztea, eta beraz, guztiok aldatu behar dugu produkzio eta kontsumo eredua, guztiok hartu behar ditugu neurriak; enpresek, instituzioek eta herritarrek”, diote Udaletik.

Galdakaoko Udalak bere aldetik neurriak hartzeko konpromisoak hartu ditu. Besteak beste, diagnostiko bat egingo du Udalak eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena Galdakaora egokitzeko lan bat egingo du zortzi hilabeteko epean. Udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu parte-hartzailea abiatuko du Udalak herritarren eta herriko eragileen ekarpenak biltzeko eta plangintza bat egiteko. Aurreikuspenen arabera, 2020an osatuko dute plangintza hori.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak