Sareak

☉ Galdakao

Marta Perea galdakoztarrak ez du jarraituko Athleticen datorren denboraldian

Aurten bukatu du kontratua eta talde zuri-gorriak ez dio kontratua berritu. “Lesioekin ez du zorterik izan”, diote Athleticetik.

|

Hamar urte egin ditu Marta Perea galdakoztarrak talde zuri-gorrian // Athletic Club

Marta Perea galdazkotarrak (Galdakao, 1995) ez du Athletic Cluben jarraituko. Hala eman du jakitera klubak. Aurten bukatu du kontratua eta talde zuri-gorriak ez dio kontratua berritu. “Galdakaokoak beste urtebetez berritu zuen iaz, baina lesioekin ez du zorterik izan eta denboraldi honetan ia ez du minuturik jokatu (11 partidatan). 2019ko azaroan, Marta Pereak alde biko bihurritua izan zuen eskuineko orkatilan, eta hilabete batzuk eman zituen zelaietatik urrun”, diote klubetik.

Duela hamar urte, 2011n, iritsi zen Perea Lezamara. “15 urterekin heldu zen Athleticera CD Mungiatik, eta bost denboralditan paper garrantzitsua izan zuen emakumezkoen filialean”, diote Athleticetik. Lehenengo taldearekin debuta egin zuen 2015eko apirilaren 25ean Valentzia CF taldearen aurka, eta 2016-2017 denboraldira arte lehen taldean eta filialean jokatu zuen. Azken lau denboraldietan lehen taldean bakarrik jokatu du Pereak. 

“2018-2019 denboraldian izan zuen, zalantzarik gabe, protagonismorik handiena 23 partida jokatuz. Pasa den denboraldian golegile gisa estreinatzea lortu zuen, Madrid CFFren aurka Lezaman jokatutako ligako bigarren jardunaldian”, diote. Guztira, 71 partidu jokatu ditu Pereak Athleticen lehen taldearekin (Ligako 68 eta Kopako hiru). “Galdakaokoa jokalari trebea da eta hainbat posiziotan joka dezake zelaian”, diote Athleticeketik. “Eskerrak eman nahi dizkiogu bere konpromisoagatik eta jarrera eredugarriagatik, eta onena opa nahi diogu etorkizunean”, diote klubetik.

☉ Galdakao

Zuberoako Maskarada ekarriko du Galdakaora Andra Marik 33 urteren ostean

|

Pagolako gazteek aurten antzeztutako Maskaradak // Argazkiak: Maite Irizar, Amaiur Aristi (dantzan.eus)

Andra Mari Dantza Taldeak Zuberoako Maskarada ekarriko du Galdakaora, azkenekoz 33 urte izan ostean. Maiatzaren 25ean, larunbatez, izango da eta Pagolatik (Zuberoa) etorriko dira dantzariak eta barrikadak eta ofizioak antzeztuko dituzte.

Maskarada 11:30ean hasiko da Andra Mari elizatik, Ardanza parkean, eta Iturrondotik eta Santi Brouard plazatik ere igaroko dira. Arratsaldean Santi Brouard plazan izango da ekitaldia 17:00etan, eta euria bada, frontoira lekualdatuko dute.

“Duela 33 urte izan genuen azken aldiz Zuberoako Maskarada Galdakaon, Altzairen eskutik. Eta orain, 33 urteren ostean berriro ere Zuberoako Maskarada dakargu gure herrira, aurten Pagolaren eskutik”, diote Andra Mari Dantza Taldetik.

Egitaraua / Zuberoako Maskarada

Maiatzak 25, larunbata

Barrikadak
11:30 Andra Mari eliza (Ardanza parkea)
12:30 Iturrondo plaza
13:30 Santi Brouard plaza

Ofizioak
17:00 Santi Brouard plaza. Euria bada, frontoian

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Varsoviako irakasleek Galdakaoko Elexalde Institutuko metodologia ezagutu dute

|

Varsoviako Szkola Podstawowa institutuko bi irakasle izan dira Elexaldeko metodologia aztertzen // Elexalde BHI

Galdakaoko Elexalde Institutua Erasmus+ proiektuan murgilduta dago. Ikasturte honetan ‘Create and Experience a Better Europe’ proiektuan ari dira parte hartzen Galdakaoko ikasleak, Varsoviako (Polonia), Berlingo (Alemania) eta Casertako (Italia) ikasleekin.

Iazko azaroaren 24tik abenduaren 2ra bitartean Elexaldeko Institutuak harrera egin zien Varsoviako zazpi ikasleri, Berlingo seiri eta Casertako hamaika ikasleri, eta eurekin etorritako zazpi irakasleri. Eta aurtengo martxoan Galdakaoko hamabi ikaslek eta bi irakaslek Caserta (Italia) bisitatu zuten.

Maiatzean, gainera, hilaren 15etik 17ra, Varsoviako Szkola Podstawowa institutuko bi irakaslek Job Shadowing bat egiteko aukera izan dute Elexalde Institutuan: “Job Shadowing-a beste irakasle batzuek emandako eskolak zuzenean behatzean datza, beste herrialde batzuetako hezkuntza nolakoa den, zein metodologia erabiltzen duten eta ikasleek nola ikasten duten lehen pertsonan ezagutzeko. Horri guztiari esker, zer aldatu edo hobetu daitekeen hausnartu eta ondorioak atera daitezke, job shadowing-ean parte hartzen duten ikastetxeekin esperientziak eta baliabideak trukatzeaz gain”, azaldu dute Elexalde Institutuko Erasmus+ programako arduradunek.

“Gure ikastetxetik, joan den ikasturtean, bi irakasle Poloniara joan ziren Szkola Podstawowa eskolara (Varsovia), Poloniako sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko eta sistema horren kalitatea hobetzeko gure IES Elexalde ikastetxean aplikatu ahal izateko”, diote.

Poloniako eta Euskal Herriko hezkuntza sistemei buruz hausnartu dutela diote Elexalde Institutuko arduradunek: “Era berean, Elexalde BHIk egiten dituen proposamenak erakutsi dizkiegu. DBHko hainbat taldetan ikusi dute, halaber, proiektuen metodologia gaztelania eta ingelesa dela. Halaber, Ahozkotasuna irakasgaian eztabaiden bidez eta modu ludikoan hitz egindako ingelesa nola lantzen den ikusi ahal izan dute”.

“Job Shadowing-a oso aberasgarria izan da eta etorkizunean elkarlanean jarraitu nahi dugu”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek

|

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten ostiralean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.

Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / 1937ko bonbardaketetan hildako galdakoztarrak omendu dituzte gaur

|

87 urte bete dira Francoren aginduetara zeuden tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. Urtero, maiatzaren 19an, oroimen ekitaldia antolatzen dute Plazakoetxen, babeslekua zegoen tokian.

Gutxienez 28 bonbardaketa jasan zituen Galdakaok gerra garaian, eta 1937ko maiatzaren 19an 16 herritar hil zituzten bondardeatzaile alemaniarrek eta italiarrek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek.

Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, María Mercedes Izagirre, Moisés Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomás Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomás Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascensión Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre omendu dituzte. Gainera, Edu Madina ere gogorarazi dute aurtengo ekitadian: Galdakao Gogorako kidea otsailean hil zen. Eta gaurkoan ere Palestina izan dute herritarrek gogoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon

|

Tximelarre Goikoan du lokala Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta ostegunetan zabaltzen dute // Galdakaoko Elkarlagutza Sarea

Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.

“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.

Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.

Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.

Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Osorik irakurri