→Galdakao

Galdakaoko Maxameko 90 behargin kaleratuko dituztela diote UGTk, ELAk eta CCOOk

Galdakaoko Zuhatzuko Maxam enpresak kartutxoen lerroko jarduera bertan behera utziko duela salatu dute UGT, ELA eta CCOO sindikatuek.

Iazko abenduan kaleratzeen kontrako manifestazioa egin zuten Galdakaon // Geuria

Galdakaoko Zuhatzu auzoan dagoen Maxam enpresak kartutxoen lerroko jarduera bertan behera utziko duela salatu dute UGT, ELA eta CCOO sindikatuek. Erabaki horrek 90 behargini erangingo lieke. “Baloratu gabe, gainera, zerbitzua ematen duten negozio-laguntzaile lokalak. Hala nola, tailerrak, haurtzaindegia, garraioa, hornitzaileak…”, diote UGT sindikatutik. ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek ere salaketarekin bat egin dute.

“Kezka handia dugu Maxam Outdoorsen salmentaren inguruan bizi dugun egoerarekin”, diote hiru sindikatuetako ordezkariek. Hain zuzen ere, Frantziako Nobel Sport enpresak erosi dio Maxam Outdoors Nagozio Unitatea Maxam Taldeari. “Salmenta-akordioa iragarri zenean, ulertu genuen plan sozial batean lan egin behar genuela. Batez ere, zuzenean eragingo liekeen Galdakaoko lantegiko 90 beharginen etorkizuna arintzeko, baita zentroko gainerako 300 langileena ere”, diote. Kartutxoen lerroan, bolbora eta pistoien fabrikazioan 70 langile daude eta 20 administrazioan, laborategian edota lehergaien fabrikazioan. “Nobel Sport enpresak Negozio Unitatea erosi du, baina Iruña Okako (Araba) -kartutxoak muntatzeko fabrika (140 langile)- eta Ingalaterrako lantegiak baino ez zaizkio interesatzen. Horiek horrela, Galdakaoko zentroak jarduera utziko luke Lehia Auzitegiak salmenta baimentzen duenean”, salatu dute sindikatuek: “Galdakaoko zentroa arrisku larrian dago. Gero eta industria-perimetro txikiagoa dugu eta plantilla txikiagoa da urtetik urtera”. Maxam Outdoors enpresak Galdakaon, Iruña Okan, Madrilen -bulego nagusiak, sare komertziala (20 langile inguru)-, Ingalaterran eta Estatu Batuetan ditu egoitzak gaur egun.

150 urte inguru dira lehergai-fabrika Galdakaon errotu zutenetik: Unión Española de Explosivos. “Ia 150 urteko negozioaren amaiera posibleak harrituta utzi gaitu. Bolbora beti izan da fabrika honetako bandera-ontzia, erreferentea Galdakaon, eta eskualdealdeko hainbat eta hainbat familien sostengua belaunaldiz belaunaldi, eta gaur egun bere amaiera ikusten dugu”, diote. “Salatu behar dugu Maxam taldearen zuzendaritzaren kudeaketa oso txarra izan dela, azken urteotan Galdakaoko instalazioak modernizatzeko inbertsio gutxi edo batere ez baitu egin, eta ehunka milioi xahutu baititu proiektu megalomano nazionaletan eta internazioetan, nahiz eta horietako bakar bat ere ez den gauzatu eta horregatik milioika euro galdu dira”, diote sindikatuetatik.

Gure kezka oraindik haratago doa. Izan ere, konpainiaren jabe berriek proiektu industrial bat ukatzen digute sistematikoki, Galdakaoko fabrikari geratzen zaion bideragarritasun-planik gabe, eta beraz, gure etorkizunaz dugun kezka nagusia da”, diote sindikatuetako ordezkariek: “Basauri-Galdakao bezalako ingurune batean azken urteotan Edesa, Outokumpu edo Formica bezalako enpresa enblematikoen jarduera-galera ikusteaz gain, eremu horretako langabezia-tasa % 17ra iristen da. Horregatik uste dugu Maxamen itxiera partziala oso txarra izango dela eskualdearentzat”.

Duela urtebete Zuhatzuko Maxam enpresako langileek manifestazioa egin zuten Galdakaon, “lanpostuen egongortasuna aldarrikatzeko, eta langile guztion lan-etorkizuna bermatzeko”. Orduan, bost langile kaleratu zituzten eta horrek langileen ziurgabetasuna piztu zuen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak