→Galdakao

Maxameko langileek Udaleko ordezkariekin “aldian behin” bilerak izatea eskatu dute

Eusko legebiltzarreko eta Espainiako parlamentuko zenbait alderdiekin ere elkartu dira Maxam taldeko langileak. Bestetik, hitzarmen berria berretsi dute Estatu osoan.

Abenduaren 19an elkarretaratzea egin zuten Maxameko langileek Galdakaoko udaletxearen aurrean // Geuria

“Barealdi tirabiratsuan” bizi dira Maxameko langileak. Hala adierazi diote GEURIAri Zuhatzuko langileek. “Badakigu zerbait etortzekoa dela, baina oraindik ez dakigu zer. Badakigu Maxam Outdoorsen salmenta aurrera doala, eta salmentarako sortutako enpresa bat eratu dutela: Sofiam Ibérica”, diote Zuhatzuko langileen ordezkari sindikalek. Kaleratzeen inguruan galdetuta, ziurgabetasuna oraindik nagusi dela diote: “Ez dakigu kaleratzerik egongo den ezta zenbat izango liratekeen. Gure zentroari dagokionez, eta Outdoorsen plantillak beste lantoki batzuetan duen xurgapen-gaitasunari dagokionez, zuzendaritzak ziurtatu du birkokatzeak egingo dituela, eta birkokatze horiek errenta-planari heltzen dion jendearen araberakoa izango dela. Hala ere, ez dakigu zenbat langile birkokatu ditzaketen Zuhatzuko lantegiko beste atal batzuetan”.

Zuzendaritzak borondatezko errenta-plan bat bultzatu nahi du, baldintza hauekin: planean sartzen den pertsonaren lanpostua amortizatuta egotea; gutxienez 60 urte izatea 2020ko abenduaren 31n; enpresan 13 urteko antzinatasuna izatea 2020ko abenduaren 31n; Outdoors-a Galdakaoko fabrikan baino ez litzateke aplikatuko, salbu eta Iruñeko salmenta egiten ez bada (orduan ere aplikatuko litzaieke); eta ez du eraginik izango 64 urtetik gorako langileengan. Errenta-plan horren arabera, 60 eta 61 urte bitartekoek soldata finko garbiaren % 70eko bermea izango lukete, aldagairik gabe, arrisku-plusa izan ezik, 64 urtera arte, gehi Gizarte Segurantzarekiko hitzarmen bereziaren zenbatekoa adin horretara arte; 61 eta 62 urte bitartekoek soldata finko garbiaren % 75eko bermea izango lukete, aldagairik gabe, arrisku-plusa izan ezik, 64 urtera arte, gehi Gizarte Segurantzarekiko hitzarmen bereziaren zenbatekoa adin horretara arte; eta 62 eta 64 urte bitartekoek soldata finko garbiaren % 80ko bermea izango lukete, aldagairik gabe, arrisku-plusa izan ezik, 65 urtera arte, gehi Gizarte Segurantzarekiko hitzarmen bereziaren zenbatekoa adin horretara arte.

Borondatezko errenta-planari heltzeko epea gaur arte, otsailak 8, iraungo du: “Konpainia osoan 40 pertsona inguruk betetzen dituzte errenta-planean sartzeko hasierako baldintzak eta Galdakaon 15 bat langilek. Otsaila erdialdera datu zehatzak izango ditugu eta horien arabera zalantzak luzatuko dizkiogu zuzendaritzari”. Hala nola, Galdakaon jarraituko duen negozio unitatean eta beste zentro batzuetan egindako birkokatze-kopurua, adostutako irteerak, errenta-plana handitzea edo Galdakaoko zentrorako beste formula batzuk.

Zuhatzuko langileek bilera izan dute jada Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearekin eta udal gobernu taldearekin, eta asmoa agertu dute “aldian behin” eurekin elkartzeko: “Gure asmoa da Udalean dauden alderdi guztiekin elkartzea”. Era berean, Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten Podemos eta EH Bildu alderdiekin batuko dira Maxam taldeko langileak.

Hitzarmena onartzea

Nahitaezko erretiroa; hitzarmenaren iraupena 2021eko abenduaren 31ra arte (2020an hitzarmenik gabe zeuden, horregatik V. Hitzarmena 2020koa eta 2021ekoa da); hitzarmena indarrean dagoen bitartean soldata igoerarik edo murrizketarik ez egotea; lanaldia mantentzea; edota enpleguaren egonkortasuna eta lantegien etorkizuna sustatzera bideratutako neurriak, enplegu-bolumena zentro bakoitzaren arazora egokitzea (erretiroak, irteera pizgarriak, lekualdatzeak). Aurreakordio hori lortu dute Maxam enpresako zuzendaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek Espainia osoko lantegietarako.

Urtarrilaren 7an enpresaren bosgarren hitzarmenaren negoziazioei berrekin zioten eta zuzendaritzaren eta ekintza sindikalaren arteko aurreakordioa lortu zuten. Ondoren, langileek izan dute hitza. Maxameko zentro guztiek berretsi dute aurreakordioa, eta Galdakaoko lantegiaren kasuan, jasotako 292 botoetatik 197 langilek hitzarmenaren alde bozkatu dute, 93k kontran eta bik boto zuria eman dute. “459 langileko erroldatik, akordioa berretsi egin da Zuhatzuko zentroan, botoen % 67,46 lortuta”, diote Zuhatzuko ekintza sindikal nagusietako ordezkariek (UGT eta CCOO): “Gure lehentasuna enpleguak mantentzea eta hitzarmena ixtea izan da, betiere gure eskubideak eta lan-baldintzak murriztu gabe”.

Iñaki Etxebarria (ELA): “Maxamen erretiroekin eta pizgarridun bajekin gure helburua lortu nahi dugu ”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak