→Galdakao

Maxameko greba bertan behera utzi eta bihartik aurrera lanera itzuliko dira grebalariak

Maxameko grebalarien mobilizazioetako bat Galdakaon // Geuria

Duela hilabete hasi zuten greba mugagabea Galdakaoko Maxam fabrikako langileek. Hogeita hamar egun ondoren, ordea, lanera itzuliko dira langile guztiak, greba bertan behera utziz. Hain zuzen ere, enpresa zuzendaritzak proposatutako aurre-akordioa onartu edo ez bozkatu dute langileek gaur arratsaldean. Bozketaren emaitza aldekoa izan da: akordioaren alde 217 boto izan dira (% 70), kontra 89 (% 28,71) eta boto zuriak edo baliogabeak 4.

“Une horretatik aurrera, UGT, CCOO eta SIX sindikatuok berehala bertan behera utzi dugu joan den otsailaren 16an hasitako greba mugagabea, eta, beraz, bihartik aurrera, goizeko 06:00etan, gure zentroan ohiko jarduera berreskuratuko da”, diote sindikatuetako ordezkariek. “Astelehenetik aurrera enpresa-batzordeak bilduko gara egoera berria ebaluatzeko eta gainerako negoziazioei aurre egiteko”.

ELA sindikatua komunikatu horretatik kanpo geratu da, eta arrazoia eman dute: “Greba-batzordearen bilera utzi dugu, aurrean dugun akordioa onartu edo ez joan den astean bozkatu genuelako. Ez geunden ados berriro gauza bera bozkatu behar izatearekin. Gainera, greban ez dauden langileek, hau da eskirolek, ere botoa eman ahal izan dutela azpimarragarria izan da. Gure jarrerak hasierako berbera izaten jarraitzen du: asanbladak dioena onartu dugu, baina ez dugu kaleratzeak onartzen dituen dokumenturik onartuko”. 

Gauzak horrela, enpresa zuzendaritzak bere erabakiekin aurrera jarraituko du: Maxam Outdoors ixtea, alegia. Horrek 60 langile baino gehiago kaleratzea ekarriko du. GEURIAk jakin ahal izan duenez, Maxam Outdoorseko kaleratzeak apirilaren 6an izango dira. Bitartean, enpresa batzordeak zuzendaritzarekin kaleratze horiek negoziatuko ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak