→Galdakao

Bigarren kotxe karabana egingo dute bihar Maxameko grebalariek Galdakaotik eta Basauritik

Martxoaren 11n bigarren kotxe karabana egingo dute Maxameko grebalariek // Utzitakoa

Maxameko langileak greban daude otsailaren 16tik. Mobilizazioak egiten jarraitzen dute grebalariek eta bihar, martxoak 11, kotxe karabana egingo dute Galdakaotik eta Basauritik. Bigarren kotxe karabana da biharkoa eta aurrekoan egin zuten ibilbide bera egingo dute: Zuhatzu (Bricomart eta Mercadona atzealdeko errepidea), Etxerre, Bridgestone, Urbi, Arizko zubia, Lehendakari Agirre kalea, Kareaga Goikoa kalea, Basauriko udaletxea, Nagusia kalea, Lehendakari Agirre kalea, Urbi, N634 errepidea, Bengoetxe, Urreta, Bizkai kalea, Galdakaoko udaletxea, Juan Bautista Uriarte kalea, Zuhatzu, Maxam. Kotxe karabana 12:30ean hasiko dute Zuhatzutik.

Bestetik, Maxameko grebalariek bat egingo dute ‘Galdakaon Lan, Pentsio eta Bizitza Duinak’ herri plataformak deitu duen manifestazioarekin martxoaren 12an, larunbatez. “Azken urteetan etengabe ikusi ditugu herriko fabrikek eta enpresek ixteko duten joera arriskutsua. Guk hemendik argi diogu: Galdakaon modu duin batean lan egin eta bizi nahi dugu. Hortaz, behar-beharrezkoa da herriko eragile eta subjektu desberdinen arteko aliantzak saretzea. Guztion ardura delako Galdakaon bizi, lan, bizitza eta pentsio justu batzuen alde borrokatzea”, dio Itxaso Mimenza plataformako kideak. Manifestazioa 12:30ean hasiko da Kurtzeko plazatik.

“Klase elkartasuna oinarri, Maxam-La Dinamitako langileak aurrera eramaten ari diren greba mugagabe hau ez da soilik bertako langileen gauza. Herri eta eskualde osoa bustiko duen olatu bat sortu behar dugu, La Dinamitako langileen exigentziak eta borroka babestuz, baina baita Galdakaoko eta eskualdeko enpleguaren defentsan alde eginez ere”, dio Mimenzak. Pentsiodunek, gazteek, Mugimendu Feministako kideek, Elkarlaguntza Sareko kideek eta beste hainbat eragilek (hala nola, Patakon, Auzo Elkarteak, EH Bildu, Sortu, Ezker Anitza, ELA sindikatua) osatzen dute ‘Galdakaon Lan, Pentsio eta Bizitza Duinak’ herri plataforma.

Bideoa | Manifestazioa deitu dute martxoaren 12an Galdakaon, “langileen eskubideen alde”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak