→Galdakao

Greba egingo dute bihar Maxameko zenbait langilek, Galdakaon

Bihar, martxoak 10, jardunaldi osoko greba deitu dute UGT eta CCOO sindikatuek Zuhatzuko Maxam lantegian. Martxoaren 17an eta 24an lanuzteak ere iragarri dituzte.

Abenduan Galdakaoko udaletxearen aurrean egin zuten elkarretaratzea // Geuria

Galdakaoko Maxam lantegiko ekintza sindikal nagusiak (UGT eta CCOO) mobilizazioak iragarri ditu martxoan zehar: bihar, martxoak 10, jardunaldi osoko greba deitu dute eta martxoaren 17an eta 24an lanuzteak izango dira. Grebaren eta lanuzteen helburuak dira: Zuhatzuko fabrikako enplegua eta etorkizuna bermatzea; enplegua berregituratzen jarraitzen saihestea; Errenta-plana hobetzea; plantilla-soberakinaren aurrean “irtenbide ez-traumatikoak” bilatzea; behin-behineko langileei etorkizun irekia eta aukerak ematea; edota zuzendaritza proposamen-bileretara behartzea. “Zuzendaritzak ikusi eta sentitu behar du Galdakaon bat garela, eta ezin gaituztela banatu ez Negozio Unitateetan, ez kontratu motetan, ez Hitzarmenaren eraginagatik, ezta sindikatuen siglengatik ere”, diote UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek.

“Zuhatzuko lantegiko enplegua babesteko eta gure etorkizuna ezagutzeko helburuz, lehen lanuzte hori inflexio-puntua izan behar da, zuzendaritza konponbideak bilatzera behartuko duena”, diote UGT eta CCOO sindikatuetatik. Biharko greba deialdian elkarretaratzeak egingo dituzte lantegiaren sarreran: 04:30etik 09:00etara, 12:00etatik 15:00etara, 16:30etik 18:00etara, eta 21:00etatik 23:00etara. “Gutxieneko zerbitzua egongo da. Hala nola, zuzendaritzako idazkaritza bat, guardiako teknikari bat, mediku-zerbitzu osoa, galdarako langileak (bat txanda bakoitzeko), bi karrilero eta segurtasun-arduradun bat”, diote. UGT sindikatutik GEURIAri adierazi diotenez, Outdoors atalean (itxi nahi duten atala) langile guztiek -hiruk izan ezik- egingo dute greba, eta UEB atalean (hastapen-sistemak) “% 50eko jarraipena” aurreikusten dute. Datu zehatzagoak bihar emango dituzte.

“Errenta-plana ez da amaitu, konpromisoa otsailaren 18rako izatea zenean. Informazioa jasotzeko izena eman zuten langileei ez zaie informaziorik eman, eta enpresa ez da haiekin harremanetan jarri. Bestalde, zuzendaritzak lanpostu huts batzuk jarri ditu beste zentro batzuetarako iragarki-oholetan, gurekin bildu ere egin gabe, aurretik hitz eman zuen bezala. Ez dute beren plan propioa ere serio hartzen eta Galdakaoko zentroaren beharrak ez dituzte kontuan hartu”, diote UGT eta CCOO sindikatuetatik: “Duela aste batzuetatik ez dute irtenbiderik bilatzen eta ez dute arazoari aurre egiteko benetako borondaterik. Horregatik erabaki dugu greba eta lanuzteak deitzea”.

Bilera Madrilgo zuzendaritzarekin

Madrilgo zuzendaritzak eta Maxam Zuhatzuko enpresa batzordeak bilera egin zuten atzo, martxoak 8. UGTren eta CCOOren arabera, zuzendaritzak jakitera eman du pizgarridun bajak eta borondatezko eszedentziak aztertuko dituela, baina, “Zuhatzuko enplegu arazoari aurre egin gabe jarraitzen dute, datuak koadratzeko denbora gehiago eskatzera mugatuta”, diote. “Bilera hauek marmotaren egun bihurtu dira, eta horrek are gehiago indartzen eta justifikatzen ditu erregistratutako lanuzteen argudioak eta arrazoiak”, diote Zuhatzu-Maxameko sindikatu nagusiek: “Nabarmentzekoa da zuzendaritzak berregituraketarekin zuzenean jarraitzeko beharra aipatu ez duen bilera bakarra izan dela, gai arantzatsuak saihestuz”.

“Greba-batzordeak ez du ulertzen martxoaren 11tik aurrerako bilera-deialdi bat aurreratzea, are gehiago, ezer ez aurreratzeko eta ezarritako edozein helbururi irtenbide bat ere ez eskaintzeko”, diote UGTtik eta CCOOtik: “Azkenik, zuzendaritzak bilera-egutegi bat egiteko eskatu digu, eta hori onartu dugu, baina horrek, oraingoz, ez du ezer aldatzen eta mobilizazioekin jarraituko dugu”.

SIX ETA ELA sindikatuen iritzia

Greba eta lanuzteek, ordea, ez dute Maxam-Zuhatzuko ekintza sindikal osoaren babesa. “Sindikatu guztiekin hainbat bilera egin ondoren aldarrikapen bateratua egiten saiatzeko, eta abenduko batzarretan adierazitakoaren ondoren, Enpresa Batzordeko gehienok erabaki dugu garaia dela aldarrikapen elkarretaratzeetatik protesta mobilizazioetara pasatzeko”, diote UGT eta CCOO sindikatuetatik. SIX eta ELA sindikatuek ez dute lanuzte horietan parte hartuko.

“Azken asteetan lau sindikatuak biltzen aritu gara, arazoa aztertzeko eta ekintza-neurriak proposatzeko. Egindako azken bilera batean, UGTk eta CCOOk asanbladak eta bozketak egiteko denborarik ez dagoela argudiatuz, martxoaren 10erako zortzi orduko greba eta hurrengo asteazkenetarako lau orduko lanuzteak erregistratzea erabaki dute”, diote SIX sindikatutik: “Gure jarrera beti izan da batzar orokorraren eta bozketaren bidez langileak jakinaraztea”. ELA sindikatutik diotenez, “abenduan egindako batzarretan, zenbait jarduera proposatu ziren, hala nola, hitzarmena ez negoziatzea eta mobilizazioak (lanuzteak, grebak) egitea, baina unea ez zela esan ziguten sindikatu nagusiek. Orain berandu goaz, presaka eta neurri ez oso gogorrekin”. “Hitzarmena sinatzeak ez du ekarri UGTk eta CCOOk beren agirietan azaltzen zuten enpleguaren egonkortasuna. Mobilizazioetarako egin genituen gure proposamenek oinarri negoziaezinak zituzten: batzar orokorrak egitea, langile guztiek beren iritzia eman zezaten eta egin beharreko ekintza guztiak baloratzeko eta egoeraren diagnostikoa eta bete beharreko helburuak partekatzeko”, diote ELAtik.

UGT Zuhatzuk honako hau dio batzar orokorrei buruz: “Inoiz ez diogu uko egin batzarretan langileen ahotsa entzuteari. Gure zentroan gaur egun dagoen lan-bolumenaren eta urte fiskalaren itxieraren ondorioz, Aste Santua baino lehen ekintza argiak eta sendoak egiteko garaia dela uste dugu. Sindikatuen arteko harremanak duela hiru aste baino gehiago hasi ziren, eta ezin dugu denbora gehiago galdu. Sindikatu honek proposatu zuen batzarrak egiteko jarrera adostua eta argia izan behar genuela. Egoera hori gertatu ez denez, grebetara deitzea erabaki dugu, eta Aste Santuko etenaldia igaro ondoren, ekintzen garrantzia ebaluatu, zuzendaritza behartu gure zentroko arazoa serio tratatzera, une horretan bizi dugun egoera datuekin azaldu ahal izateko eta batzarretan hurrengo urratsak elkarrekin erabakitzeko”.

Maxameko langileek Udaleko ordezkariekin “aldian behin” bilerak izatea eskatu dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak