→Galdakao

Maxameko langileek kontzentrazioa egingo dute Galdakaoko udaletxearen aurrean

Elkarretaratzea abenduaren 19an egingo dute. Ondoren, Basaurin egingo den eskualdeko manifestazioarekin bat egingo dute Maxameko langileek.

Elkarretaratzea egin ondoren, Basaurin egingo den eskualdeko manifestazioarekin bat egingo dute Maxameko langileek // Argazkia: Utzitakoa

Galdakaoko Zuhatzu auzoan dagoen Maxam enpresak kartutxoen lerroko jarduera kenduko duela eta 90 behargin kaleratuko zituela salatu zuten abendua hasieran UGT, ELA eta CCOO sindikatuek. Abenduaren 14an eta 15ean batzarrak egin zituzten langileek eta UGT, ELA, CCOO, SIX sindikatuetako ordezkariekin batera erabaki zuten elkarretaratzea egitea abenduaren 19an 10:30ean Galdakaoko udaletxearen aurrean. “Ondoren, eskualdeko hainbat plataformek Basaurin deitu duten manifestaziora batuko gara”, diote enpresa batzordeko langileek. Basaurin egingo duten manifestazioa lan, pentsio eta bizitza duinen aldekoa da. “11:00etan martxa egingo dugu Galdakaoko udaletxetik Basauriko Ariz anbulatorioraino. Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko manifestazioa 12:00etan hasiko da Basaurin”, zehaztu dute.

Galdakaoko udaletxearen aurrean egingo duten kontzentrazioa, “enplegua defendatzearen eta Maxam Zuazoren etorkizunaren alde egiten dugun lehen ekintza izango da”, diote langileek. “Orain, inoiz baino gehiago, batu, parte hartu eta gainean dugun arazoaz jabetzeko unea da. Enpresa honetan lan egiten dugun langile guztien ekintza-gaitasuna eta sendotasuna erakustea, arazoa iritzi publikoari bistaratzearekin batera, indarra eta presioa lortzeko dugun tresna nagusia da”, diote: “Hau hasiera besterik ez da, eta gure determinazio eta batasunaren araberakoa izango da hein handi batean gatazka honen amaiera”.

Lan, pentsio eta bizitza duinen eskualdeko manifestazioa egingo dute larunbatean Basaurin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak