→Galdakao

Maxam enpresako 250 langile kalera atera dira Galdakaon, “proiektu industriala ezagutzea eskatzeko”

Manifestazioa egin dute gaur Zuhatzuko Maxam enpresako langileek, “lanpostuen egongortasuna aldarrikatzeko, eta langile guztion lan-etorkizuna bermatzeko”.

Sindikatuen arabera, 250 langilek bat egin du manifestazioarekin // Argazkiak: GEURIA

Manifestazioa egin dute gaur Zuhatzuko Maxam enpresako langileek, “lanpostuen egongortasuna aldarrikatzeko, eta langile guztion lan-etorkizuna bermatzeko”. Hain zuzen ere, berriki bost langile kaleratu dituzte eta horrek langileen ziurgabetasuna piztu du: “Gure ustetan, ezkutuko Enplegu-erregulazioko Espedientea (EEE) ari dira ezartzen, eta kaleratze gehiago egongo direlaren susmoa daukagu. Berregituraketa hau hasi besterik ez da egin”, salatu dute Enpresa Batzordeko langileek manifestazioa bukatu ondoren irakurri duten adierazpenaren bitartez.

“Arrazoi asko daude lanuzteak deitzeko. Esate baterako, hamarkada bat baino gehiago lanean eman duten bost lankide kaleratzeagatik; txanda-kontratuetan dauden langileen egonkortasuna mugatuta ikusten dugulako; aldi bateko langileek ziurgabetasun etengabea pairatzen ari direlako eta, kasu askotan, kontratu kaskarrak dituztelako; edota gutxieneko lan-baldintza eskasengatik”, diote.

Atzo, abenduak 11, ELA, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek bilera izan zuten Madrilen Maxameko ordezkariekin: “Bilera hura edukiz hutsa izan zen. Ez zuten ezer argi utzi. Eta eskatzen duguna da enpresaren proiektu industriala ezagutzea. Hau da, lantegiaren eta langileon etorkizuna zein den jakin nahi dugu. Berregituraketa honen helmuga zein den jakin nahi dugu, nori eragingo dion… guztion artean irtenbide onenak aurkitzeko”, diote Enpresa Batzordekoek.

Manifestazioa 13:30ean hasi da Maxam lantegiko sarreratik eta Plazakoetxeko biribilguneraino joan dira, ondoren berriro lantegiko sarrerara itzultzeko. Bertan, adierazpena irakurri dute Enpresa Batzordeko langileek. Sindikatuen arabera, 250 langilek bat egin du manifestazioarekin.

Ordubeteko lanuzteak

Manifestazioaz gain, egunean zehar, txanda ezberdinetan (gauean, goizean eta arratsaldean), ordubeteko lanuzteak deitu dituzte. “Gaueko txandako lanuztearen jarraipena handia izan da, eta euria egin duen arren, manifestaziora hainbat langile batu gara. Masa sozial indartsu eta bateratua gara, zuzendaritzaren agintaldian saltzen ez dena, eta orain arte bezala jokatzen jarraitzen badute, aurrean izango gaituztela argi utzi nahi dugu”, diote Enpresa Batzordeko langileek.

“Jakin dugu azken 24 orduetan lanuztearen benetako helburua nahita manipulatzeko ahalegina egin dela. Ez dugu ulertzen boikot saiakera hori, baina ikusten da ez dela eraginkorra izan”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak