→Galdakao

Mercadillo zubia itxita egongo da “hilabete batzuez” Ibaizabal ibaiaren obrengatik

Ibaizabal ibaia berdiberatzeko egiten ari diren lanak direla eta, Mercadillo zubia itxita dago apirilaren 12tik bai ibilgailuentzat zein oinezkoentzat.

zaharberritze lanak egingo diren arren, Mercadillo zubiaren berezko egitura mantendu egingo da // Geuria

Ibaizabal ibaia berdiberatzeko egiten ari diren lanak direla eta, Mercadillo zubia itxita dago apirilaren 12tik bai ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. Udal ordezkariek GEURIAri adierazi diotenaren arabera, “hilabete batzuez” egongo da itxita zubia, baina data zehatzik ez dute.

Mercadillo zubia, XVIII. mendekoa, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa katalogatuta dago 2016tik Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean. “Horregatik, zaharberritze lanak egingo diren arren, zubiaren berezko egitura mantendu egingo da eta, hartarako, azkenekoz berritu zenean jarri zitzaizkion hormigoizko blokeak kenduko dira, harriarekin ordezkatzeko. Horrez gain, Ibaizabal ibaiaren zabalera handitu egingo duenez, zubia ere luzatu egingo da”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, begi berri bat irekiko diote zubiari.

Ibaizabal ibaian uholdeei aurre egiteko hirugarren faseko lanak martxa onean dira. Abenduan hasi zituzten lanak eta 15 hilabeteko epean bukatuko dituzte, hau da, aurreikuspenen arabera, 2022ko martxora arte luzatuko dira obrak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak