2015eko abenduan hitzarmena sinatu zuten Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibuseko A3932 lineako zerbitzua astelehenetik ostiralera goizeko lehen ordutan indartzeko. Aurten hitzarmen hori berritu dute Boluetako Metro geltokiraino doan lanzadera zerbitzua errefortzuko autobus batekin indartzeko, lanegunetan 07:15etik 08:15era bitartean, urte osoan zehar, abuztuan izan ezik.
Zerbitzuaren kostuak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak elkarren artean eta kopuru berdinekin ordaintzeko kalkulu eguneratua jasotzen du hitzarmen berriak. Galdakaoko Udalak bere aldetik 19.800 euro bideratuko ditu aurten zerbitzuaren errefortzu honengatik.
Boluetatik Etxebarrira
Galdakaoko Udaleko oposizioak (EH Bildu Galdakao, Galdakao Orain, Irabazi eta Usansolo Herria) behin baino gehiagotan aldarrikatu du Metroraino doan lanzadera zerbitzua Boluetatik Etxebarrira eramateko. Iazko martxoan eta azaroan mozio bateratua aurkeztu zuten osoko bilkuretan lanzadera zerbitzua Etxebarrin bukatzeko, baina ez zuen aurrera egin.
Besteak beste, eskatzen dute udal gobernu taldeak errespetatzea 2014an herritarren iritzia jakiteko parte-hartze prozesuan atera zen emaitza: Galdakao-Etxebarri (Ospitaleraino) 1.150 boto; Galdakao-Etxebarri 1.121 boto; Galdakao-Termibus (Aperribai eta Ospitaleraino) 367 boto; eta Galdakao-Basauri (garai hartako lanzadera zerbitzua) 193 boto.
