→Galdakao

Metroaren 5. Linearen azterlan informatiboa urte amaierarako prest egongo dela dio Eusko Jaurlaritzak

galdakao metroa 5 linea

Pandemiak Metroaren 5. Linearen azterlan informatiboa idazteko epea atzeratu du abenduaren 23ra arte. “Adi egongo gara eta betetzea eskatuko dugu”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. 

Azterlan informatiboa idazteko epea abenduaren 23ra arte atzeratu dute // Artxiboa

Metroa Galdakaora ekartzearen aldeko proiektua zehazten jarraitzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Obrak 2021ean hasiko direla aurreikusi zuten urte hasieran bi erakundeek.

Metroaren 5. Linearen azterlan informatiboa idazteko zerbitzua 2019ko abuztuaren 12an hasi zen eta 2020ko abuzturako prest izan beharko zuen. Hala ere, oraindik ere ez dute azterlan hori aurkeztu, amaituta ez baitago: “Pandemiak lanen garapenean izan duen eraginarengatik atzeratu da azterlan informatiboa idazteko epea. Hiru hilabeteko bi luzapen egin dira, eta indarrean dagoen epea 2020ko abenduaren 23a da”, dio Iñaki Arriola sailburuak. 

Eusko Legebiltzarreko EH Bidu taldeko Unai Fernandez de Betoño parlamentariak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Iñaki Arriola sailburuari egindako galderen harira, Eusko Jaurlaritzatik erantzun dute Metroaren 5. Linearen azterlan informatiboa oraindik ere ez dagoela amaituta, eta azterlan hori idazteko epea urte amaieran prest egongo dela dio Eusko Jaurlaritzak. “Adi egongo gara eta betetzea eskatuko dugu”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. 

Bi fasetan

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urte hasieran planteatu zutena da lehenengo Sarratun (Basauri) geltoki intermodala eraikitzea, handik Galdakaoko erdigunera iristeko, Aperribaitik eta Bengoetxetik igaro ondoren. Hori izango litzateke lehenengo fasea (lehen bigarren fasea zena), eta fase hori behin bukatuta, Galdakao-Usansolo Ospitaleraino doan bidea tunela eraikiko lukete. Bertan geltoki bat egongo litzateke, eta Euskotren sareko bideekin lotuko litzateke, Usansolorekin eta Bediarekin lotzeko. Bi faseen inbertsioa 400 eta 500 milioi euro artekoa izango litzateke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak