→Galdakao

Galdakaoren izena “hemendik kanpo zabaltzeagatik” aitortza egin die Udalak Miren Agirregoikoa, Daniel Arenas eta Mario Lazarori

Miren Agirregoikoari, saskibaloian egin duen ibilbide oparoagatik; Daniel Arenasi, beteranoetan munduko txapeldun izan delako bizikleta eta txakurra uztartzen dituen bikejoring kirolean; eta Mario Lazaro udaltzainari, Lloret del Mar-en itotzen ari zen haur bat salbatu zuelako, aitortza egin die Galdakaoko Udalak. “Galdakaoren izena hemendik kanpo zabaldu dutelako egiten diegu aitortza, kasu honetan, Miren Agirregoikoa, Daniel Arenas eta Mario Lazarori”, dio Asier Egiraun Galdakaoko Udaleko zinegotziak: “Bakoitzak bere alorrean egindakoari errekonozimendua egin nahi diegu udaletxean gauden talde politiko guztiok eta horregatik oroigarri bat banatu diegu bakoitzari Galdakaoren izenean”. Iñigo Hernando alkateak oroigarria eman dio Agirregoikoari, Ibon Garcia Kirol arloko zinegotziak Arenasi, eta Asier Egiraun Udaltzaingoaren zinegotziak Lazarori.

“Galdakaon udaltzaina izateaz gain, apneako irakaslea ere banaiz eta horrek lagundu zuen bizi nuen egoera bideratzeko. Normalean ekintza hauek udaltzainek, ertzainek edota suhiltzaileek egiten dituzte zerbitzutik kanpo, azken finean gizartearekiko daukagun erantzukizuna baita. Hala ere, ez gara superheroiak; pertsona normalak gara eta pertsona bezala aitortza hauek eskertzekoak dira. Eta aitortza hau aprobetxatu nahiko nuke esateko zeinen garrantzistua den bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko oinarrizko ikastaroak egitea, bizitza asko salba ditzakezulako”, dio Lazarok.

Agirregoikoa “hitz gutxikoa” dela esan eta eskerrak eman dizkio bere gurasoei eta lagunei, baita Udalari ere aitortza egiteagatik. Eta, azkenik, Daniel Arenasek hartu du hitza: “Nik ere ezer gutxi dut esateko. Eskerrik asko bihotz-bihotzez! Bi hauen ondoan egoteak asko pozten nau crak batzuk dira eta izugarria iruditzen zait. Ni pilateseko irakaslea naiz eta nire txakurrarekin median korrika egitea gustatzen zait. Galdakaon kirolari oso onak daude eta esango nuke Bizkaian kirolari federatu gehien dituen herria dela Galdakao. Herriko kirolariak zaindu eta motibatu behar ditugu. Gauza berriak eta intesgarriak egin daitezkeela uste dut. Nie aldetik esan norbaitek bikejoring-a probatu nahi badu, hemen nagoela, besoak zabalik”, dio Arenasek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak