→Galdakao

Miren Agirregoikoa: “Harrobia zaindu behar dugu. Eurak dira euskarria”

Saskibaloi jokalari ibilbideari amaiera eman dio Miren Agirregoikoa galdakoztarrak. Hala ere, oraindik ere estuki lotuta dago saskibaloira, umeak entrenatzen.

Agirregoikoa abenduaren 19an Urretan, Ibaizabal Saskibaloi Taldeak egin zion omenaldian // Argazkia: Geuria

Saskibaloi jokalari ibilbideari amaiera eman dio Miren Agirregoikoa galdakoztarrak. Hala ere, oraindik ere estuki lotuta dago saskibaloira, umeak entrenatzen

Saskibaloira estuki lotuta bizi da Miren Agirregoikoa Salcedo (Galdakao, 1987) galdakoztarra. Zehazki, jokalari bezala etxean eman ditu hogei urte baino gehiago: Ibaizabal Saskibaloi Taldean, alegia. Pasa den denboraldian jokalari ibilbideari bukaera eman zion, baina oraindik ere ez du eten saskibaloiarekin duen harremana. Izan ere, Ibaizabaleko umeak entrenatzen ari da, etorkizunean harrobia izan daitezkeenak.

Noiz hasi zinen saskibaloian?
Txiki-txikitatik hasi nintzen saskibaoian. Egia esan, aurretik beste kirol batzuk probatu nituen, esaterako taekwondo eta patinajea, baina taldeko kirolak gehiago gustuko nituela ikusi eta azkenean saskibaloia aukeratu nuen kirol bezala. Taldean lagunak egin eta bertan gelditu nintzen.

Ibaizabalen hogei urte baino gehiago eman dituzu jokalari bezala.
Hala da. 1993an hasi nintzen Ibaizabal Saskibaloi Taldean eta 2019an jokalari ibilbidea amaitzea erabaki nuen. Niretzat Ibaizabal jokalari eta pertsona bezala hazi naizen kluba da, nire kirolari ibilbideko momentu onenak hemen pasatu ditut eta etxea bezala sentitzen dut.

1993an jokalari bezala hasi zinenean, zein da burura datorkizun lehenengo oroitzapena?
Larunbatero goizean goizetik esnatzen nintzen partiduetara joateko. Beti gurasoek lagunduta. Urduritasuna eta ilusioa nituen beti!

Eta, saskibaloian hasi zinenetik, zein une oroitzen duzu gaur egun?
Ibaizabalekin 2014an Estatuko lehenengo mailara igo ginenekoa da niretzat garrantzitsuena. Oso momentu gogoangarria da niretzako.

Zertan dira ezberdinak lehen eta bigarren maila?
Oso desberdinak dira. Lehenengo maila guztiz profesionala da. Fisikoki diferentzia handia dago. Nik argi neukan noizbait lehen mailan jokatu nahi nuela, baina behin esperientzia probatuta, esango dut nahiago izan dudala LF 2. mailan jokatzea. Jolasten erosoago sentitu naiz bigarren mailan.

Ibaizabaletik kanpo ere jokatu duzu.
Hala da. Hiru denboraldi jarraian eman nituen Ibaizabaletik kanpo, 2009tik 2012ra bitartean. Ferrolen (Coruña, Galizia) Universitario Ferrol klubean eta Ibizan Tanit klubean jokatu nuen. Gainera, 2011n eman nuen saltoa profesional moduan, Ibizako klubarekin. Esperientzia oso onak eta politak izan ziren, jende asko ezagutu nuen eta Ibiza izugarri atsegin dut. Pentsa, urtean behin edo birritan irlara itzultzen naiz!

Jokalari ibilbidea bukatu duzu, baina estuki lotuta jarraitzen duzu Ibaizabalera.
Bai. Entrenatzaile lanetan nabil gaur egun. Urte batzuk daramadaz Ibaizabaleko eskolan. Egun, 5 eta 7 urte bitarteko umeak entrenatzen ditut. Oso txikiak dira eta oraindik ez dute partidurik jolasten. Gehien bat saskibaloia eta jolasak tartekatzen ditugu, apurka-apurka saskibaloiarekin katigatu daitezen.

Izan dituzun entrenatzaileengandik ikasi duzuna helarazten diezu txikiei?
Kasu honetan, oso txikiak dira entrenatzen ditudan umeak. Orduan, lortu behar duguna da eurak ondo pasatzea. Entrenamenduak dibertigarriak izan daitezen saiatzen gara.

Uste duzu herrian harrobia badagoela?
Harrobi handia dagoela uste dut. Ibaizabaleko eskolan, adibidez, 70 ume inguru daude saskibaloian jokatzen, eskola kirolean zein federatuan. Harrobia da ondo zaindu eta landu behar dena, eurak dira gure euskarria eta!

Zer esango zenioke saskibaloian hasten ari den ume bati?
Ondo pasatzeko, lagun berriak ezagutzeko aukera ona dela eta beti buruan izateko kirola eta ikasketak oso lagun onak izan daitezkeela!

Zure kasuan, jokalari zinen bitartean, ikasketekin aurrera zindoazen.
Bai. Kirola eta ikasketak beti uztartu ditut. Unibertistatean Erizaintza ikasi eta bitartean ez dut inoiz arazorik izan. Ondo antolatzen bazara, denetarako denbora dago: ikasteko, entrenatzeko eta partidak jokatzeko, baita lagunekin egoteko ere!

Emakumezkoen saskibaloiaz galdetuko banizu.
Gizonezkoen saskibaloiarekin konparatuta, diferentzia handia dagoela esan ahal da. Batez ere, emakumezkoen saskibaloia deitu behar zaiola kontuan izanda, saskibaloia soilik izan beharrean. Gauzak bide onean doazela uste dut: profesionaltasuna heltzen ari da, baina gauza asko kontuan hartu behar dira. Esaterako, ligak zazpi hilabete bakarrik irauten duela, soldatak, kontratu motak, edota kirolari ibilbideaz gain bakoitzak bere etorkizuna landu behar duela. Gauza batzuk lortu dira, baina oraindik bide luzea dago aurretik.

Taldekide ohiak ikusten jarraitzen duzu?
Noski! Ahal dudan bakoitzean Urretako kiroldegira gerturatzen naiz partiduak ikustera. Lagunak ditut taldean, eta Ibaizabal nire etxea balitz bezala sentitzen dut. Gainera, kriston denboraldia egiten ari dira! Opari ikaragarria izango litzateke berriro ere igoera fasea jokatzea, eta zergatik ez Ibaizabal berriro ere lehen mailan ikustea!

Urretak eta Udalak omenaldia egin dizu asten hilabeteetan.
Bai. Azaroaren 30an klubak omenaldia egin zidan Urretan eta abenduaren 19an Galdakaoko Udalak aitzortza egin zidan udaletxean, Daniel Arenas eta Mario Lazaro herrikideekin batera. Omendiak oso bereziak izan dira eta oso eskertuta nago bai klubari zein Udalari. Urretako harmailak goraino beteta egon ziren eta oso maitatua sentitu nintzen. Ez dut erraz ahaztuko hori!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak