→Galdakao

Bideoa | Mohamed El-bachir gaztearen heriotza argitzea eskatu dute Galdakaon

Joan den asteazkenean aurkitu zuten adingabe baten gorpua Ibaizabal ibaian, Galdakao parean. Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Arratiako Harrera Sareak agerraldia egin dute gaur Herriko Bentaren aurrean eta Mohamen El-bachir 17 urteko gaztearen heriotza argitzea eskatu dute. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak adin txikiko guztien babesa “bere gain hartzea” eta harrera sistemaren berrikuspena egitea eskatu dute, “instituzioetatik arrazakeria desagerrarazteko pausoak emanez”. 

“Mohamed El-bachir 17 urteko gaztea hilda agertu zen pasa den eguaztenean Ibaizabal ibaian. Hala ere, komunikabideetan ez dugu entzun gure herriko gazte baten desagerpen eta heriotzaren tragedia. Horren ordez, lapurreta baten ondorioz ihes egin zuen Mena (bakarrik dauden adingabe atzerritarrak) bat marraztu digute, izenik gabekoa, baliorik gabekoa”, salatu dute, eta gaineratu dute: “Mena izenaren atzean ezkutatzen diren hamaika gazte gure artean bizi dira, baina gugandik urrun; Mohameden kasuan mendialdeko etxe bakarti batean, beste batzuetan herri kanpoaldeetako errepide bazterretan, gizarteratzeko aukera guztiak ukatuz. Baina Mena ezizenak adin txikikoak ezkutatzen ditu, umeak. Legeak instituziei ematen die ardura adin txikiko guztien babesa eta eskubideak bermatzeko, arreta egokia emateko”.

Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek larunbatean adierazi zutenez, gaztea “behin-behineko zaintzan” zegoen Bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzenduta dagoen lehen arretako zentrotik igaro ondoren, eta “berehalako arreta” eman ondoren. Era berean, iturri berek azaldu dute “ez zegoela tutoretzarik” gaztearen gainean, “ez zegoelako dokumentaziorik edo adingabetasun-egiaztagiririk”. Hau da, gaztea ez zegoela Aldundiaren ardurapean argitu dute. “Mohamed denbora tarte luze batez desagertuta egon baldin bada eta ibaian hilda agertu bada, non daude bera babestu behar zutenak? Norena da ardura? Zergatik desagerpena eta heriotza ez da albiste bihurtzen gorpua agertu eta lau egun pasatu arte?”, galdegiten dute Elkarlaguntza eta Arratiako Harrera sareetako ordezkariek: “Foru Aldundiak esan omen du ez daukala gazte honen tutelarik. Horrek asko harritu gintuen, ze gazte batek, nahiz eta papelik ez izan, erakundeek, eta kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiak, bere ardura hartzen du. Esatea ez zegoela bere tutelan uste dugu gezurra dela”, adierazi dio GEURIAri Laura Ruiz Arratiako Harrera Sareko kideak.

“Heriotza honek gure jendartearen eta sistemaren arrakalak agerian utzi ditu beste behin ere, gordin, latz. Erabat arrazista den sistema kapitalista baten arrakalak, alegia. Hau ez da delako zorigaiztoko gertakaria izan; egiturazko arrazakeria eta pobreziaren ondorio argi eta zuzena dira gertakariok. Horrek hil du Mohamed”, adierazi dute.

Egoera horren aurrean, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Arratiako Harrera Sareak Mohamed omentzeko elkarretaratzea deitu dute urtarrilaren 27an, ostegunez, Galdakaoko Iturrondo plazan 19:00etan: “Pertsona bat hil da gure herrian, adingabe bat, eta gertaera hau ezin da ustekabean pasa. Ahalik eta jende gehien batzea nahi dugu, ez dugulako nahi horrelako egoerak normaltzat hartzea, ez da posible gure herrian pertsona bat hiltzea eta denak lasai eta ezer gertatu ez balitz bezala jardutea”, adierazi dio GEURIAri Mikel Sagarminaga Elkarlaguntza Sareko kideak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak