→Galdakao

“Batzearen indarra, aniztasuna eta elkar zaintza”, Lian artistak Galdakaon egindako muralaren esanahia

Lian artistak bukatu du bere murala Galdakaoko udaletxe alboko txandakako aparkalekuaren ondoko eraikinean. Iraila hasieran hasi zen murala margotzen eta hamar bat egunetan bukatu du.

Argazkia: Galdakaoko Udala

Lian artistak bukatu du bere murala Galdakaoko udaletxe alboko txandakako aparkalekuaren ondoko eraikinean. Iraila hasieran hasi zen murala margotzen eta hamar bat egunetan bukatu du. “Diferenteen artean batzearen indarra, elkarlanaren aberastasuna eta elkar zaintzak dakarren kolorea, bizia” adierazi nahi izan du Lian artistak muralarekin: “Ile bat hartzen baduzu, ile bakar bat, erraz apurtuko da; ez du indar handirik izango. Baina ileak batu eta trentza bat egiten baduzu, ileak indartsu bihurtuko dira eta trentza sendo bat osatuko dute. Hori adierazi nahi du horma-irudiak”, dio artistak.

“Hiru esku desberdin batzen dira irudian: adineko pertsona batena, gazteago batena, esku beltz edo mestizo bat… adin eta etnia desberdinetako eskuak daude trentza egiten. Eta koloreak ditu: ikusteko modu diferenteak, izaera eta estilo diferenteak. Denak batzen dira trentza egiteko; esku diferente horiek ileak batzen ari dira zerbait indartsua osatzeko, eta indar horrek kolorea ematen dio ezkerraldean ikusten dugun pertsonaren aurpegiari, bizitza ematen dio. Hori adierazi nahi dut: batzen bagara indartsu egiten garela, eta jendeari, herriari, bizitza emtan diogula, kolorea. Gure artean zaintzean, elkar babestean, indartsuago egiten gara”, dio Lian artistak.

Muralak 4,30 x 20 eta 8 x 7 metroko bi horma hartzen ditu, eta zuri-beltzetik “bizitzara” egiten du jauzi, koloreari esker. “Neska bat lasai, atseden hartzen. Eraikinen artean ikusten zaio aurpegia, eder, tamaina handian. Bere ile luzeak goitik behera egiten du ertzean, 20 metroko altueran. Hainbat esku, trentzan biltzen ari dira koloreetako ilea; pertsona diferenteen esku sendoak, leunak zein zimurtuak”, hori da horma-irudiaren deskribapena. “Hiri paisaia atseginago egiteko bidean, zaharkitua zegoen horma inguruko eraikinen edertasunean txertatzea lortu du Lianek”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak