→Galdakao

N-634 errepideko errei bat itxita dago Urretan, martxoan eraitsi zuten pasabideko eskailerak kentzeko

N-634 errepidea airetik zeharkatzen zuen Urretako pasabidea kendu zuten martxoaren 24an. Apirilaren 20an eta 21ean alde bietako egiturak kenduko dituzte.

Martxoaren 24an eraitsi zuten Urretako aireko pasabidea // Argazkia: Galdakaoko Udala

N-634 errepidea airetik zeharkatzen zuen Urretako pasabidea kendu zuten martxoaren 24an. Orduan, kalearen alde bietako eskailerak ez zituzten eraitsi, baina dagoeneko hasi dira lan horiekin eta gaur eta bihar artean kenduko dituzte alde bietako bi egitura horiek.

Zentzu horretan, apirilaren 20an eta 21ean N-634 errepideko eskumako erreia moztuta egongo da 08:00etatik 19:00etara, Galdakaorako norabidean. Beste erraila zabalik egongo da, beraz, ez dute trafikoa etengo.

“Esku-hartze honekin gune berri bat irabaziko du Urretak. Zugutzu aldean ingurua atondu egingo dugu, baita Urreta aldekoak ere. Kasu horretan, Musika Eskolaren aurrealdean espazio berri bat sortzea ahalbidetuko du horrek”, diote Udaletik. Gainera, Tximiolarrera igotzeko eskailerak jarriko dituztela adierazi dute Udaletik.

Esku-hartze hau Gobernu Planaren barruan zehaztuta zeukan Udalak. “Oztopo arkitektoniko handia zen pasabidea, mugikortasuna zailtzen zuena eta errepidea zeharkatzea askorentzat ezinezko egiten zuena”, diote Udaletik. Zubia kentzearen eskaera aspalditik zetorren bertan bizi diren herritarrengandik eta horregatik, errepidea zeharkatzeko semaforoa jarri zuen Udalak duela urtebete.

Urretako pasabidea eraitsita, Musika Eskolaren aurrealdean espazio berri bat sortzea ari da aztertzen Udala

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak