→Galdakao

Belarrietako azterketak eta ebakuntzak egiteko ospitalea eraiki du Nepalen Samsara elkarteak

Galdakaoko Samsara elkarteak bere ametsa lortu du: Nepalen belarrietako azterketak eta ebakuntzak egin ahal izateko zaintza fakultatiboen gunea eraikitzea.

Ear Care Nepal erakundea arduratzen da umeak artatzeaz // Argazkia: Ear Care Nepal

Galdakaoko Samsara elkarteak bere ametsa lortu du: Nepalen bertan belarrietako azterketak eta ebakuntzak egin ahal izateko zaintza fakultatiboen gunea eraikitzea. Sanepan (Lalitpur) Hospital Star solairuerako bat bideratu dute horretara, eta dagoeneko “bete-betean” ari da funtzionatzen.

Samsara Nepal elkarteak bidelagun du Ear Care Nepal erakundea tokian bertan. Erakunde hau arduratzen da Nepalgo umeak artatzeaz eta audiometriak, kontsultak edota ebakuntzak egiteaz. Orain, Samsara Nepal elkarteari esker gune hori zabaldu dutela, haurrek ebakuntzaren aurreko egunak zaintza fakultatiboan pasatzeko aukera izango dute. Kirofanoa, audiometria gela, kontsulta, operazio aurreko eta osteko gela eta sarreretarako gunea ditu ospitaleak.

“Erronka handia genuen aurretik, Milan Maharjan zirujauari esker, ametsak errealitate bihurtzen dakiena, eta Dungsey Gyetrul Jigme Rinpoche-ren eta Swish Ripa Fundation-en ekarpen handiari esker lortu duguna. Lehenago indarrak batu behar genituen dena aurrera atera zedin, baina orain askoz gehiago eta gogorrago egin behar dugu lan, ospitaleak aurrera egiten jarrai dezan, ebakuntzak egiteko teknologiaz hornituz”, diote Samsara elkartetik.

Gabonetako loteria salgai

Ospitalea teknologia berriez hornitzeko asmoz, Gabonetako loteria solidarioa jarri du salgai Samsara elkarteak beste urte batez. Loteria-txartel bakoitza 5 euroan dago salgai eta euro bat izango da dohaintzan emango dena, Nepalera bidaltzeko. Loteria-txartelak salgai daude ondoko lekuetan: Zurrut Tabernan, Rosa Arzamendi Masaje Zentroan, Pinturas Nabartu Galdakaon eta Respira 7 Yoga Zentroan.

“Gabonetan ere azoka solidarioa egingo dugu eta Egutegi Solidarioekin hasiko gara. Gure elkarte txikiaren bitartez lortzen dugun elkartasun guztia apurka-apurka emanez joango gara”, diote elkartetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak