→Galdakao

Hiru umerekin hasi du ikasturtea Olabarrietako Katamar Haurreskolak

Ikastetxeetan ikasturtea hasteaz gain, haurreskolak ere zerbitzu ematen hasi dira. Hego Uribe eskualdean hamaika haurreskola daude, tartean Galdakaoko Katamar haurreskola. Olabarrieta auzoan dago kokatuta. “Haurreskola txikia da eta orotara bi gela ditu. Lau hilabetetatik bi urtera  bitarteko haurrak hartzen ditugu”, dio Eva Cortés Katamar haurreskolako hezitzaileak. “Oso haurreskola txikia denez, beharrizanen arabera sortzen ditugu taldeak”, dio Iraia Sagasti hezitzaileak.

Gaur egun hiru haur daude matrikulatuta Katamar haurreskolan, eta hori da haurreskola bat zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak jartzen duen gutxieneko kopurua: “Momentu honetan hiru ume daude matrikulatuta. Ikasturtea beti hasten dugu ume gutxirekin, baina gero gehiago datoz”, dio Sagastik. Hain zuzen ere, haurreskolan matrikulatzeko epea urte osoan zehar dago zabalik. Txikitxuen gelan gehienez zortzi haur egon daitezke eta nagusitxuenean hamahiru.

Egoera berrira egokituta

Katamar haurreskola ez da salbuespen eta bertan ere neurriak hartu dituzte Covid-19a dela eta. “Partzuergotik bidali zuten kontzingentzia-plan bat, eta gero haurreskola bakoitzak bere errealitatera egokitzen du plan hori. Gure kasuan, erraza izan da higiene eta prebentzio gomendioak aurrera eramatea. Ume gutxi daudenez, gure antolakuntza ez da horrenbeste aldatu”, dio Cortesek. Hori bai, ohiko prebentzio neurriak ezarri eta jarraitu behar izan dituzte. Hala nola, hezitzaileek maskara jantzita eramatea, alfonbra desinfektatzailea eta tenperatura neurtzea.

“Bestetik, eguneko koaderno bat daukagu eta bertan jarri behar dugu, besteak beste, nork jaso duen umea, nork eman dion bazkaria edota zein guraso etorri den umea haurreskolara ekartzera edo bilatzera”, dio Aurkene Idirin hezitzaileak. Koaderno horri esker, Covid-19an positiborik ematen bada, jakin egiten dute momentu bakoitzean ume bakoitza norekin egon den zuzenean kontaktuan.

Katamar leku “oso segurua” dela diote hiru hezitzaileek: “Haurreskola oso txikia denez bai erabiltzaile zein hezitzaile aldetik, kutsatze-arriskua ere txikia da”, dio Idirinek. “Patioa askotan erabiltzen dugu. Ez bakarrik jolasteko. Oso ume gutxi daude eta saiatzen gara ahalik eta denbora gehien patioan egiten. Adibidez, patioa jateko edo lo egiteko ere erabiltzen dugu. Eguraldiak uzten digun bitartean saiatzen gara bizitza hori guztia patioan egiten, nahiz eta barruan ere lekua soberan eduki”, dio Sagastik.

Patioari dagokionez, hura estaltzeko eskaera egin zuten haurreskolako arduradunek: “Galdakaoko Udala ados agertu zen gure eskaerarekin, baina egungo egoerarekin ez dakigu noiz etorriko den. Asmoa da euria egiten duenean ere patioa erabiltzea”, dio Cortesek.
__

Katamar haurreskola
Olabarrieta, 21A
944 262 139
katamar.galdakao@haurreskolak.eus

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak